Auspoak 60 urte
Bai horixe ·
Antonio Zavala hil zenean –2009an–, emaitza oparoa osatzen zuen Auspoa hirukoitzak: 267 obra, 305 liburutanDuela hirurogei urte –1961ean– plazaratu zuen Antonio Zavalak Auspoa bildumaren lehenengo alea, Ramon Artolaren bertsoz osatua: 'Sagardoaren graziya'. Munduko aztirik handienak ere ez zezakeen asmatu zer-nolako soka luzea ekarriko zuen atzetik.
Koldo Mitxelenak 'Egan' aldizkarian egin zion ongietorria: «Bilduma berri hau irten zaigu beharrik plazara, hutsune larri bat betetzera... Tolosa aldean hasi zaizkigu eginahalean, Jainkoari eskerrak, behar-beharrezko sail batean... Liburu bera hasiera ederra dugu luzaroan iraun behar duen sail batentzat. Har bitzate 'Auspoa'-koek gure zorionik beroenak. Ez biezaie behintzat huts egin euskaltzaleen laguntzak».
Bestelako harrerak ere gogoan zituen Antonio Zavalak. Aita Aranzadi –jesuita bera ere, Antonio bezala– gustura ez, nonbait, eta hala esan omen zion: «Urtetan or jardun gera kurpitotik esku-soiñuari 'inpernuko auspoa' esanez, orrek dantza lotua ekarri zualako, eta zuk orain liburu-sorta bati 'Auspoa' izena jarri?».
Berriketak berriketa, Zavala hil zenean –2009ko urtarrilaren 2an–, emaitza oparoa osatzen zuen Auspoa hirukoitzak: guztira, 276 obra, 305 liburutan. Eta horri gehituz gero Antonioren erdal liburuak eta Auspoaz kanpo plazaratutakoak, guztira 303 obra dira eta 339 liburu. Zavalak berrogeita hamabost urtean ondutako altxor paregabea, bertsolaritzari eta herri-literaturari osorik eskainia.
Harridura, miresmena eta esker ona ez ezik, galdera batzuk ere sortzen dizkigu horren lan erraldoiak. Galdera nagusia: zerk eragin eta eragiten zion Zavalari horrelako lanean hasi eta etengabe horretan aritzeko? Zavalak berak airean utzi zigun erantzuna: «Ni, egun batez, ez dakit zein aizek bultzatuta, edo zein izarrek argi eginda, etxetik atera nintzan, begiak zabalik eta belarriak erne, eta nere gogoko pitxiak eskuratzen asi nintzan».
Horrelako kontuak izan genituen hizpide, joan den astelehenean, Juan Luis Zabala kazetaria zirikatzaile gozo genuela, Joxe Mari Iriondok eta biok, 'Bertsolari' aldizkarirako. Elkarri txanda hartu ezinik jardun ginen galderei erantzuten, argazkilaria ere inguruan genuela, klik eta klak, Antonioren errainua harrapatu nahian.
Orain, ez zaio lanik faltako kazetariari. Kosta behar zaio bion jarioa paperera errenditzen. Baina lehen ere ale ederrik eskaini izan dio aldizkari berak Zavalari. Eta oraingo honetan ere asmatuko dute.