Ateismoaren arima
BAI HORIXE ·
'El alma del ateísmo' du izenburu liburuak. Egilea, André Comte-Sponville (Paris, 1952) filosofo argiaLiburu on bat irakurri nahi duela, uda ondo hasteko. Ea izenbururen bat emango diodan. Hala eskatu dit adiskideak. Ez da batere lan erraza liburu bat aholkatzea. Azken batean, irakurleak zer nahi duen jakin behar baita. Eta gero, hori jakinda, ea ezagutzen duzun nahi horri egokitzen zaionik. Izan daiteke liburu bat biribila norberarentzat eta hutsala besterentzat.
Adiskideak gehiago ere zehaztu dit eskaera. Batik bat, liburu irakurterraza nahi duela, baina aldi berean pentsarazten duen horietakoa. Alegia, irakurterraza eta sakona. Ez duela denbora pasa leitu nahi. Baina ezta izerdi patsetan ere. Prest dagoela ur handitan sartzeko, baina ez itotzeko. Berdin zaiola euskarazkoa ala erdarazkoa izan. Ez duela zertan argitaratu berria izan behar. Hori bai: ona izan dadila. Berak eskuetan hartu eta gustura azpimarratuko duen horietakoa.
Ez dizkit lan errazak jarri. Eskerrak, adinkidea ere badudan adiskidea, eta zertxobait ezagutzen dudan. Lehen ere eskatu izan dit horrelakorik, eta uste dut badakidala zer-nolako gutiziak dituen. Bat-batean, 'El alma del ateísmo' izenburua bota diot. Eta etxetik bidaliko dizkiodala gainerako datuak.
Etxeratu orduko idatzi diot posta elektronikoaz. Azpititulua ere baduela liburuak: 'Introducción hacia una espiritualidad sin Dios'. Egilea, André Comte-Sponville (Paris, 1952) filosofo argia. Eta 2006an plazaratu zela liburua, bai jatorrizkoa frantsesez eta bai gaztelaniazko itzulpena.
Berehala idatzi dit eskerrak emanez eta, bide batez, argibide gehiagoren eske. Dena hor dagoela erantzun diot: azpititulu horretan.
Hiru atal handi dituela liburuak, galdera bana abiapuntu: alde batera utzi dezakegu erlijioa?, bada Jainkoa?, zer espiritualitate mota eskaini ateoei?
Adiskideari oka eragiten dioenez sakristia-usainak, aurrea hartu diot. Ez dagoela halakorik liburuan. Alderantziz. Aire osasungarriak zeharkatzen duela hasi eta buka. Hilgarritzat jotzen dituela egileak bai batzuen fanatismoa –edozein izanik ere fanatikoen erjilioa– eta bai besteen nihilismoa. Bien aurka ari dela borrokan egilea, eta borroka horrek izen bat duela: laizismoa. Eta ateoei dagokienez beren espiritualitatea sortzea, horretan laguntzekotan idatzi duela liburua.
Azkenik, ohar bat erantsi diot. Internetez jaitsi dezakeela liburua. Eta berak ikusteko erostea merezi duen ala ez. Uda on, adiskide.