Zaharren ahotsa
Erakunde politikoek edo zure seme-alabek esango dute zer komeni zaizun
Joan den astean plazaratu zen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epai berri bat. Auzitegiak Sui-tzako emakume elkarte baten alde egin du eta epaitu du Suitzako gobernuak ez dituela klima aldaketaren inguruan eginbeharrekoak egiten eta, beraz, salaketa egin duen elkarteko kideen osasuna kaltetua gertatzen dela, zuzen-zuzenean.
Elkarte salatzailea berezia da, bere kideak 65 urtetatik gorako emakumeak direlako eta kide hauen bataz besteko adina 73 urtetakoa delako. Emakumeak eta jubilatuak, beraz, ez etxekoandre hutsak. Hedabideek garrantzia eman diote epaiari, klima aldaketa eragozteko bide berria zabaltzen duelako, epaitegiena, behintzat Giza Eskubideen Konbentzioa sinatu dute herrialdeetan.
Orain arte uste genuen klina aldaketaren inguruko kezka gazte batzuen kontua zela soilik, teorian behintzat aurretik urte asko dituztenen kezka, Greta Thunbergen adinekoen eginkizuna. Nola-hala, modernokeria bat, zaharrek ez zutela horretan zeresanik.
Baina klima aldaketaren inguruko borrokarekin batera, Suitzako elkarte horrek beste zerbait nabarmendu du: zaharron ahotsaren garrantzia. Hemen edo Suitzan, behin erretiroaren adina gainditu ezkero, gizarteak mezu argi bat bidaltzen dio muga hori gainditu duenari, gizon nahiz emakume: zuk orain behar duzuna deskantsua da, egin duzu nahiko lan zure bizitzan, orain, deskantsatu, disfrutatu eta utzi gizarteari dagozkion kezka eta eginkizunak gazteagoen eskutan.
Zuk isilean deskantsatu behar duzu, nahi baduzu Benidormen edo Peñíscolan, beti ere zure bizitzari dagozkion erabakiak hartzen diren gunetatik urrun. Gobernatzen gaituzten erakunde politikoek edo zure seme-alabek hartuko dituzte dagozkizun erabakiak, zure onerako, noski. Beraiek dakite zer komeni zaizun, zer dagokizun.
Zaharren ahotsa esparru pribaturako da. Hor eman nahi zaio garrantzia, hor aldarrikatzen da esperientziadunen zeregina. Baina Suitzako emakume horien elkarteak hautsi egin zuen bide orri hori eta epaitegira jo zuen., lehenik Suitzaren barruan eta han ezezko ugari jaso ondoren, Giza Eskubideen Europako Auzitegira. Bitartekaririk gabe, zuzenean, ahotsa goratuz.
Hemengo jubilatuen borrokak aspalditik frogatu du borroka politikoa eta kale edo plazetako manifestazioak zaharron-tzat ere badirela. Suitzako elkarteak erakutsi digu orain epaitegietarako bidea ere zabalik dagoela zaharrontzat. Eta zaharren ahotsa goratzeak ere merezi dezakeela.