Etsipenaren menpe
Munduak eskaintzen ez digun itxaropena fabrikatzen ahalegintzen gara batzuk
Zalantzarik gabe, betidanik aldatu da mundua, hasi kobazuloetatik eta gaurkoan bukatu. Aldaketarik gabe, kobazuloetan jarraituko genuke. Nobedadea, ordea, aldaketa horien abiadura da, gero eta bizkorragoa, zorabioraino. Mendetan, aurreko belaunaldiaren eredua baliagarri zen hurrengorako, aldaketa gutxi batzuk gehitu behar zitzaizkion, ez besterik.
Gaur, berriz aldaketa txiki horiek jauzi bilakatu dira. Konturatu ala ez, hor gaude, askorentzat ulertezina den mundu baten barruan, hamarralditan harrizkoa zirudiena hauts bihurturik, errekak ibai. Iruditzen zaigu noraezean gaudela, baina agian ez da horrela, agian norbaitek badaki norantz goazen eta gu, herritarrok, ez gara oraindik jabetzen. Bitartean, etsipena nagusitzen zaio askori.
Nahasketa horren aurrean askok erabakitzen du berean gotortzea, gora ni eta nireak eta gainerakoa ez zait axola, hor konpon. Ez dago apenas 'gu'rik , eta, egotekotan, 'gu' horrek muga estuak ditu gehienetan, pertsona gutxi batzuk biltzen ditu, ez auzoa, ez aberria, are gutxiago mundua.
Joera nabarmena da, adin guztietan gertatzen dena, bizitzaren aro bakoitzean aurpegi desberdinak baditu ere. Eta, agian, beti gertatu dena, are paradisutzat dugun ez hain aspaldiko garaietan. 'Gu' zabal baten alde egiten duten ahotsak ez dira ugariak, baina egon badaude, batzuetan haiengana heltzeko hesi ugari gainditu behar badugu ere.
Goraxeago esan dut adin guztietan gertatzen dela hori, baina modu desberdinean alor askotan. Bereziki dagoeneko berriak ez diren teknologien esparruan. Eztabaidaezina da sare sozialetan gazteen nagusitasuna edo, gutxienez, zaharron eskasia. Bai, noizean behin zaharren bat nabarmentzen da bertan, baina beti salbuespenaren babesean, bitxikeria gisa.
Zaharron kasuan orokortasuna 'gu' oso estu batera mugatzen da, ez beti, baina bai askotan. Digitala ez den esparruan ere asko dira mundua uler- tzeko ahaleginari uko egiten dioten adinduak eta, gainera, esparru estu horretan gozo bizi omen direnak. Asko eta asko iraganera begira bizi dira, asmatutako paradisuetan babesleku bila. Gaurko mundua, arrotz ez ezik, etsai iruditzen zaie.
Uda bero honetan iruditzen zait, oporren su artifizialak eta guzti, etsipena dela nagusi edozein adinetan. Lokatza ostikoz jotzen ahalegintzen gara batzuk, edozein adinetan, munduak eskaintzen ez digun itxaropena fabrikatzen, udazkenak ekarriko digunaren beldur.