Aitonaren zuhurtzia
BAI HORIXE ·
Merezi al du gure zoriona futbol-talde baten gorabeheren morroi jartzea, zein ere munduko talderik jatorrena den?Gure aitona Benito bizi balitz, joan den igandean esango geniokeen: «Aitona, aitona, Realak irabazi egin zuen». Eta berak betikoa erantzungo zigukeen, irribarre gozoz: «Bihar ogia debalde». Hizketa hori berritzen genuen umetan, Euskaldunak –Andoaingo futbol-taldeak– irabazten zuen bakoitzean. Gu bilobok: «Aitona, aitona, Euskaldunak irabazi egin du». Eta berak, betikoa: «Bihar ogia debalde».
Umore fina zerien aitonaren hitzei, betiko irribarre gozoa lagun. Ez zigun poza zapuztu nahi izaten. Bai, ordea, gatz pixka bat bota, pozak gehiago iraun zezan, noski, Euskaldunak galtzen zuenean ere ez genezan bururik galdu.
Askotan gogoratu ohi dituk aitonaren hitz zuhur haiek. Are gehiago: haien ukitu hura sumatu izan diet gizon eta emakume zuhurren hitzei. Duela gutxi bezala, Nisargadatta handiaren 'Yo soy eso' irakurtzen ari nintzela: «Para mí, depender de algo para ser feliz es la miseria absoluta». Aitonaz oroitu nintzen.
Gogoan hartu eta neure kolkorako itzuli nuen, aitonaren umore finez: «Merezi al du gure zoriona futbol-talde baten gorabeheren morroi jartzea, zein ere munduko talderik jatorrena den?». Ondo etorriko zitzaidan larunbaterako. Eta ondo etorriko zitzaidan hurrengo egunetarako, neure buruaren kontsolagarri, deskuiduan Realari galtzea egokitzen bazitzaion.
Larunbatean, partidua hasi baino ordubete lehenago, mahai baten bueltan ginen. Bost urteko biloba nuen aldamenean. Hala galdetu zidan, Realeko elastikoa eta galtzak soinean zituela: «Aitona, zeinek nahi duzu irabaztea: Realak ala Athleticek». Motzean erantzun nion: «Realak». Ez nion gure aitonaren ogiarenik aipatu. Are gutxiago, badaezpada prestatuta neukan esaldiarenik. Badu denbora ikasteko.
Telebistaz partiduaren lehen zatia ikusi eta ohera joan nintzen. Igande goizean jakin nuen emaitzaren berri. Ez nintzen haserre. Eta ia-ia ahaztu ere egin zitzaidan nire burua kontsolatzeko prestatutako esaldia. Baina ez. Larunbateko finala girotzen, berotzen eta erotzen egin ditugun eginahalak deskuiduan pandemia menderatzen egin izan bagenitu, honezkero ahaztua izango genuke birusarena.
Baina garaiz gabiltza oraindik. Itxaropentsua izan da garaipenaren ospakizun zuhurra. Bai: geuk irabaziko dugu pandemiaren aurkako lehia ere.
A! Eta hurrengo finalean ere, Realak irabaztea nahiko dut, aitonaren zuhurtziaz, biloben bizipoza lagun.