Afrikan barrena
Bai horixe ·
Afrikar esaera zahar hura berrituko zion, esker oneko, elkar agurtu zutenean azkenekoz: «Ez badakizu nora zoazen...»Joan den astean, hiruzpalau eskelatan irakurri genituen izen-deiturak eta datu jakingarri batzuk: Pedro Maria Alberdi Alberdi, salletar anaia, 83 urterekin hila, Irunen. Horien eskutik etorri zaizkigu gogora haren bizitzako nondik norako nagusiak; eta tartean, pasadizo harrigarri bat.
Azkoitian jaioa 1937an, bertan bizi izan zen lehen hamabi urteetan. Gero, Irunen, San Asension (Errioxan) eta beste zenbait tokitan egin zituen ikasketak. Hogei urterekin hasi zen eskola ematen, San Asension. Handik Sestaora joan zen, eta hemen bost ikasturte egin zituen Aprendizen Eskolan (1965-1970).
Ondoren, Valdefierro (Zaragozan) eta Andoain izan zituen lantoki. Eta Andoainen zela, 1981ean, Afrikara joateko eskaini zuen bere burua. Guztira, hogeita zazpi urte egin zituen Afrikan, berriro Euskal Herrira itzuli arte, 2008an.
Afrikan, lehen hamalau urteetan, Togon (1981-1990) eta Beninen (1990-1995) izan zen irakasle. Beninen zela, Boli Kostara destinatu zuten. Ordurako, ondo barneratua izango zuen afrikar esaera zaharra: «Ez badakizu nora zoazen, gogoan izan nondik zatozen».
Urterik gogorrenak egokitu zitzaizkion Boli Kostan (1995-2008). Gerra zibila piztu zenean, 2002an, Daloa izeneko hirian zen Pedro, salletarrek bertan zuten eskolako zuzendari.
Eta eskola hartan sartu zitzaizkion, egun batez, frantziar legioko soldaduak tiroka, Boli Kostako gobernu konstituzionalaren alde borrokan. Eta, bat-batean, Frantziako legionario haietako bati hor jaulki dio Pedrok zuzen-zuzenean, berak ohi zuen moduan: «Y tú ¿qué haces aquí?». Pedrok ezagutu Sestaon aprendiz izan zuen gazte hura, auskalo nondik nora Frantziako legioan sartu zena!
Tamalez, ez dakigu askoz gehiago pasadizo honi buruz. Saiatu naiz osatzen, baina apenas lortu dudan ezer berririk. Hala ere, xehetasun txiki bat jakin dut. Geroztik harremanetan jarraitu omen zuten Sestaoko legionarioak eta Azkoitiko maisuak, eta laguntzen jarraitu omen zion ikasle ohiak Pedrori.
Gustura jakingo genuke nola bizi izan zuten biek gerra zibil hura eta zer-nolako hizketak izan zituzten. Badakigu une oso gogorrak pasa zituela zuzendariak eta laguntzaile izan zuela soldadua, baina ez dezakegu gehiagorik zehaztu. Honezkero, berandu gabiltza. Agian, afrikar esaera zahar hura berrituko zion Pedrok, esker oneko, elkar agurtu zutenean azkenekoz: «Ez badakizu nora zoazen...».