Adinaren araberakoak
Bai horixe ·
Egiaztatuko duzu gero eta kide gutxiago dagoela zure lubakianAdinak ez dizu bizitza osoa markatzen, ez zaitu beti derrigorrez bizimodu zehatz batera behartzen. Beti egin diezaiokezu ihes, goitik edo behetik, nahita edo nahigabe, baina horretarako ahalegin bat egin behar duzu estereotipoei ihes egiteko, idatzi gabeko legeak saihestu ahal izateko. Guztiok ezagutzen dugu edo ezagutu dugu dagokiona baino helduago den haur edo gaztetxoa, dagokiona baino zaharrago den pertsona heldua edo idatzi gabeko legeek diotena baino gazteago den zaharra. Adinarekiko iheslariak gero eta ugariagoak dira, bizitzaren edozein garaitan, batez ere itxurari dagokionez.
Baina, ihesak ihes, badira gauza batzuk nahigabe ere heltzen zaizkizunak, behin adin bat bete ezkero gertatzen zaizkizunak. Adibidez, bada adin bat non ezagun batekin topo egiten duzunean ez dakizun bikotekideaz galdetzea komenigarria ote den, agian bikote hura aspaldian min handiz desegin zelako edo bezperan hautsi delako eta bestearen izena entzute hutsak deseroso sentiarazi dezakeelako galdera jasotzen duena.
Gero, adinean aurrera egin ahala, arrisku berria jartzen zaizu begi bistan. Aurkitzen duzu ezagun bat supermerkatuan (non, bestela pandemiaren aro honetan) galdetzen diozu zer moduz dagoen eta askotan inguruko norbaiten heriotza iragarriko dizu lehen hitzetik, senarra, ahizpa, emaztea, aitona. Egiaztatuko duzu gero eta kide gutxiago daudela zure lubaki berean eta balak gero eta hurbilagotik egiten dutela txistu zure inguruan. Era berean, gero eta maizago jasoko duzu hileta baterako deia eta gero eta gutxiago ezkontza batekoa.
Eta zure ezagunak azken boladan hurbileko hildakorik ez badu, gaixotasunak aipatuko dizkizu, bereak eta ingurukoenak, zerrenda amaigabean, are bizi dugun izurritearekin zerikusia ez dutenak. Ikaratia ez bazara ere ,zenituenik ere ez zenekien gorputz atalak sumatuko dituzu, gaixotzeko zorian, protesta egiten hasiak, hain zuzen, sendagilearengana joatea hain zaila den honetan.
Adiskide batek kontatu zidan, duela ez hainbeste, familiakoak biltzen zirenerako arau bat adostu zutela: bost minutu bakoitzak gaixotasunak eta heriotzak aipatzeko eta hortik aurrera gaia debekatua egongo da. Gaztetan, antzeko araua zuten haurren gorabeherak aipatzeko, gaiak elkarrizketa osoa baldintza ez zezan. Alde ederra.
Ezin diozu adinari ihes egin, baina bai adinarekin batera datorren hainbat konturi, bai idatzi gabeko legeek adinarekin lotzen duen hainbat eranskini.