Borrar

6.000 kilometro

Bai horixe ·

Edozein izkinatan dago zer kontatua. Nire amonak soberan izan zituen laurogeita hamahiru metro bere egia aurkitzeko

Osteguna, 6 maiatza 2021, 07:10

Comenta

Azkenean, joan den ostiralean ekarri zituzten Roberto Fraile eta David Beriain erreportarien gorpuak, Burkina Fasotik Valladolidera eta Artaxonara, larunbatean hobiratzeko. Astean zehar, tantaka joan ginen jakiten zer gertatu zen Afrikako lurralde urrun hartan. Eta han gertatutakoekin batera joan gara jakiten zer-nolako profesionalak eta pertsonak ziren bi erreportariak.

Halakoetan, denok jotzen dugu gauzak apaintzera eta gorengo mailara jasotzera hildakoak –batez ere Roberto eta David hil diren bezala hil badira–. Gero, egunen joanean, aparra desegin eta funtsezkoa besterik ez da gelditzen.

Hemen, Daviden ibilbide profesionalari begiratu diogu gehien. Azken batean, auzoan dugu Artaxona. Behin eta berriro irakurri dugu zenbat miresten zuen amona Juanita eta zergatik jarri zion '93 Metros' izena bere produkzio-etxeari. Xehetasun esanguratsu horrek eraman ninduen Internetera, ea jatorrizko testua aurkitzen nuen. Hura aurkitu, goitik behera irakurri eta jaso egin nuen. Hain da antologikoa.

Elkarrizketa bat da, 'Nuestro tiempo' aldizkarian argitaratua 2017an, David Beriain: «A veces la historia más grande está en el lugar más pequeño» izenburuaz. Hitz horien laguntzaz erraz aurki daiteke internetez.

Hona hemen pasarte bat, lasai xamar itzulia: «Nire produkzio-etxeak '93 Metros' du izena. Gure amona hil zenean sortu genuen. Beriandarren matriarka zen Juanita. 98 urterekin hil zen. Maitasun-arrasto harrigarria utzi zuen. Denok maite genuen. Laurogeita hamahiru metro zeuden bere etxeko atetik otoitz egiten zuen elizako eserlekuraino. Ez zen hortik ateratzen. Inoiz ez. Horregatik hartu genuen izen hori. Ahantz ez dezagun lekurik txikienean egon daitekeela istoriorik handiena. Istorio handiak kontatzen ditugu, epikoak, deigarriak, leku exotikoetakoak. Izan ere, ni bezalako ergelok errazago kontatzen dugu istorio bat, alboan gauzak lehertzen ari zaizkigunean. Nahikoa da konturatzea edozein izkinatan dagoela zer kontatua. Ez dago istorio txikirik; begiak dira txikiak. Nire amonak soberan izan zituen laurogeita hamahiru metro bere egia aurkitzeko. Ni laurogeita hamahiru lurralde baino gehiagotan ibilia naiz, eta oraindik ez dut ezer lortu».

Azkenean, Artaxonatik ia 6.000 kilometro urrundu behar izan du Davidek, gutako askoren begiek gehiago estima dezaten hemen bertakoa. Eskerrik asko, David, Roberto...

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 6.000 kilometro