Saharako eta Ukrainako gatazketarako konponbidea eskatu du Udalak
Aho batez onartu dira landutako gai guztiak
GOIZARIN
Igandea, 3 apirila 2022, 00:02
Martxoko udalbatzarrean nazioarteko gaiak izan ziren protagonista: Ukraina eta Mendebaldeko Sahara. Ukrainari buruzko testu bat adostu eta onartu zuten EH Bilduk eta EAJk. Hartara, «Errusiaren inbasioa justifikazio gabekoa» dela adierazi zuten eta «borrokak geratzeko» eskatu. Ukrainako herriari «elkartasuna» adierazi zioten eta Udalaren baliabideak errefuxiatuen esku uzteko konpromisoa adierazi zuten. «Bide diplomatikoa» aldarrikatu zuten eta Europako Batasunari «ahalegin handiagoa» eskatu zioten «bide diplomatiko eta gatazka arintzean».
Horren ondoren, Mendebaldeko Saharari buruzko mozioa onartu zuten, aho batez. Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharako gatazkaren inguruan izan duen jarrera aldaketaren inguruan «kezka» azaldu zuten. «Konponbide politiko justu eta iraunkorra» aldarrikatu zuen Udalak, eta Espainiak gatazka honetan dituen «lotura historiko eta afektiboengatik, modu aktiboan konponbidearen alde» jarduteko eskatu diote Espainiako Gobernuari, «Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenen arabera».
Janire Mitxelenak EAJ udal taldearen izenean hitz egin zuen, eta argi utzi zuen euren iritzia ere. «Gure botoa mozioaren aldekoa izango da inolako ezbairik gabe, mozioaren babes irmoa. Espainiako Gobernuak Sahara herriarekiko jarrera aldaketa onartezina dela iruditzen zaigu. Gure alderdik, beti lagundu diogu Saharako herriari eta hala izango da une erabakigarri hobetan ere».
Olga Leibar EH Bilduko zinegotziak hilaren 7an Donostian Gipuzkoako diaspora sahararrak eta Sahararen aldeko elkarteek antolatu duten egun osoko ekimenera gonbidatu zituen gainerako zinegotziak.
Mendi publikoak
Kausua mendiko eremu batean partikular bat itxitura baten bidez jabetza publikoa usurpatzen ari dela eta, espedientea martxan jartzea onartu zen, aho batez. Partikular horri eman zaio egiten ari dena zuzentzeko epea, baina ez duenez halakorik egin, prozesuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen Udalak.
Oarsoaldea Garapen Agentziari 2022 urtean egin beharreko ekarpena ere onartu zen, aho batez. Guztira, 437.664 euro bideratuko zaizkio industria, etxebizitza, turismo, euskara, gizarteratzea, hiri berriztapen, kontsumo... arloetako proiektuak garatzeko.
Pikokaraten eremu publiko bat 15 urterako emakidan uztea ere onartu zen, kanon baten truke, lehenengo sektoreko jardueretarako. Eremu horren mugakide pribatu batean dagoeneko martxan dagoen Basatxerri esplotazioak eskatu du erabilera baimena, txerriak hazteko. Udalak utziko duen eremuan ezingo du inolako eraikin berririk jarri eta mantenu lanak emakidadunak bere gain hartuko ditu.