Kontxa Murgiaren aldeko omenaldiak Euskal Herria eta Galiza elkartu ditu
Manuel M. Murgia Galiziako abertzaleen aitzindariaren ama gogoratu dute
GOIZARIN
Igandea, 13 otsaila 2022, 02:32
Kontxa Murgia Egañari omenaldia egin zioten Oiar-tzungo Udalak eta Fato Cultural Daniel Castelaok. Murgia oiartzuarra zen eta Manuel M. Murgia Galiziako abertzaletasunaren aitapontekoaren ... ama izan zen.
Edonola ere, ospakizunak ostiralean hasi ziren eta atzo arte luzatu ziren. Bi egun horietan, poesia errezitaldi musikatua eta omenaldi instituzionala izan dira ekitaldien ardatz. Modu horretara, Euskal Herriaren eta Galiziaren arteko harremanak estutu eta anaitasuna aldarrikatu da, beste urte batez.
Ostiraleko ekitaldia oso ederra izan zen. Izan ere, euskaraz eta galegoz ekarri zuten gogora Kontxa Murgia. Xosé Estevezek eta Antton Kazabonek bederatzi poema errezitatu zituzten galegoz eta euskaraz, Federico Garcia Lorkak, Xosé Estévezek eta Antton Kazabon berak idatziak.
Garcia Lorcak gailegoz
Garcia Lorca Andaluziako poeta handiak gailegoz propio idatzitako sei poemek eman zioten hasiera ekitaldiari. Santiago de Compostela, Rosalia de Castro Galiziako poeta handia, Muxiako Barkako Ama Birjina elizaren alboan egiten den erromeria, ilargiaren dantza Santiagon... izan ziren Lorcaren poemen gaiak. Estevezek, berriz, Euskal Herriari eskainitako bere poema errezitatu zuen eta Kazabonek, 'Ez esan niri' eta 'Nire baitan' izeneko bere bi poemak.
Ibargain Musika Eskolako hiru musikarien laguntza bikaina izan zuten lan hori osatzeko: Suogan taldeko Haizea Lekuona, flautarekin; Oihane Mitxelena, akordeoiarekin eta Edurne Saizar, teklatuekin. Besteak beste, Galiziako alborada, Ken 7 taldearen 'Itsasoa gara', Isaac Albenizen tangoa, Mikel Laboaren 'Aika mutil', Galeseko sehaska kanta, Xoan Montes abeslariaren kanta bat, Benito Lertxundik ezagutzera eman zuen 'Oi ama Euskal Herria' interpretatu zituzten. Amaieran, Joxean Artzeren 'Txoriak txori' abestu zuten udal aretoan bildutako guztiekin batera.
Emankizunaren amaieran txalo zaparrada jaso zuten errezitariek nahiz musikariek ere.
Lore eskaintza eta omenaldia
Atzo, eguerdiko 12:00etan, berriz, lore eskaintza zen Murgia Egañaren omenez, bere jaiotetxean. Doneztebe plazatik Manuel Lekuona bibliotekara (bertan jaio zen Murgia) kalejira egin zen lehendabizi, txistulari eta gaita jotzailearekin.
Bibliotekako beheko aretoan, Iosune Cousillas Kultura zinegotziak, aurrekoz galiziarra, egin zion lore-eskaintza Kontxa Murgia zenari, bertan jaio zela gogorarazten duen plakaren aurrean. Jarraian, Lartaun txistulariek 'Gora ta gora Euskadi' ereserkia jo zuten; gaita-jotzaileak, gero, Galiziako ereserkia han bildutakoek abesten zuten bitartean.
Beste behin ere Oiartzunen batu dira euskaldunak eta galiziarrak, bi herrien arteko adiskidetasuna islatuz.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión