Oiartzun
Kataxulo utzi eta herria hartzeko prest daude Intxixu eta BasandreakOtsailaren 2an jaitsiko dira, sorginekin elkartu eta hiru egunez Oiartzungo txoko guztiak astintzeko
Elena Viñas
Oiartzun
Asteartea, 23 urtarrila 2024, 21:24
«Heldu dila, heldu dila!». Otsailaren 2an jaitsiko dira Intxixu eta Basandreak Kataxulotik. Xanisteban plazan sorginekin elkartu, Udaletxea hartu eta hiru egunez Oiartzungo txoko guztietara zabalduko dute festa. Urteko asteburu «berezieneko» egitarauaren berri eman du Ihote Taldeak.
Luze jo du esperoak, baina badatoz. Otsailaren 2an hasiko da festa. 16:45ean Ihoteei deia egiteko burrunba abiatuko da Beheko plazatik. 19:00etan Azeri dantza eta Sorgin dantza egin eta 19:30ak aldera iritsiko dira herriko pertsonaiarik maitatuenak. Sua piztu, auzoetako zapiekin apaindutako kanabera udaletxko balkoian jarri eta dantza eta festa izango da nagusi. Zakuz jantzita joateko eskatu du Ihote Taldeak.
Auzoz auzo kuestazioa egingo dute larunbatean. Auzo bakoitzeko koloreko zinta besoan jarri eta 9:30etik aurrera hasiko dira etxez etxe eta baserriz baserri dantzan. Etxeetako atariak ere erraztuko dituzte, izpiritu txarrak uxatzeko.
Jasotako puskekin bazkaria egingo dute gero. Aurten ere azken urteetako marka denak hautsiko dituzte.
Ehundaka lagun bilduko dira auzoetako elkarteetan eta gehienetan aspaldi bukatu ziren bazkarira joateko txartelak. Bapo bazkaldu ondoren, 18:00etatik aurrera elkartuko dira denak Doneztebe plazako Kataxulo berezian. Ihote berbeneroak alaituko du ilunabarra.
Igandean 9:00etan txistularien diana izango da. 11:00etan karroxa eta kalejira Elizalde auzoan eta 12:00etan ihote dantza gidatuak plazan. Arratsaldean 19:00etan agurtuko dituzte datorren urtera arte Intxixu, Basandre eta Sorginak. Asteburu osoa herrian barrena ibili ondoren, Kataxulora itzuliko dira.