Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Saioa Ballesteros Egiazabal, Intxixu AEK euskaltegiko irakaslea. GOIZARIN
Oiartzun

«Gazte asko ikusi dugu Korrikan parte hartzen, eta horrek ilusio handia pizten du»

Saioa Ballesteros Egiazabal Intxixu AEKko irakaslea

GOIZARIN

Igandea, 17 apirila 2022, 00:11

Comenta

Oso pozik topatu dugu Saioa Ballesteros elkarrizketa hau egiterakoan. Ez da gutxirako. Oso gogoan ditu aurreko igandean bizitutako uneak, bai Oiartzunen bai Donostian ere, Korrika 22. edizioaren harira. Hain arrakastatsua izan den ekimenaz gehiago jakiteko telefonoz hitz egin dugu Altzibarren bizi den irakaslearekin eta hauxe da harilkatu dugun elkarrizketa.

–Igandean, Donostian amaitu zen Korrikaren 22. edizioa. Nola zaude?

–Deskantsatzen egia esan. Oarsoaldea eskualdetik bezperan pasa zen, ordu txikitan gainera eta gogorra izan zen asteburua guretzat. Baina dena oso ongi igaro zen. Izugarria izan da.

–Aurtengo ekitaldian 28 eragilek eraman dute lekukoa.

–Egia esan ez genuen espero, baina egia da, elkarte asko animatu dira. Esate baterako auzoetako elkarteek ez dute huts egin eta oso gustura gaude. Gainera gazte asko ikusi dugu parte hartzen euskararen aldeko ekimen honetan, eta horrek ilusio handia pizten du.

–Aurten, gainera, Korrika Kulturala antolatu duzue ekitaldi ezberdinekin. Arrakastarik izan al du?

–Bai, gainera Oiartzunen herriko taldeekin batera antolatu dira ekintza horiek –Hikadromoa; 'Ez da kasualitatea' bertso saioa; pintxo lehiaketa; 'Zortzi ate', Jose Sarrionandiarekin solasean; HemenGuk azoka...– eta pozik gaude lortutako emaitzekin. Saio batzuek arrakasta gehiago izan dute; beste batzuek, gutxiago, baina denetan egon da parte hartze handia eta guztiok pozik gaude.

–Ostiralean, berriz, Korrika Ttikia ere arrakastatsua izan zen. Hazia ereitea beharrezkoa al da?

–Bai, dudarik ez. Herriko ume eta haur guztiak halako irribarrearekin ikustea, txaloka, ilusio horrekin Korrikaren zain... zoragarria da. Niri tokatu zitzaidan furgonetan aurretik joatea megafonia eramaten eta haurrak bertatik bertara ikusi nituen, poz-pozik euskararen alde. Azken batean, hori ere euskara baita. Askotan jasotzen dituzte kanpotik bestelako mezu batzuk eta ikusi behar dute Euskal Herria eta euskara ere hau dela, horrelako ekintzak antolatzea, aurrera eramatea... elurraren kontra –aurten denetik egitea egokitu zaigu-eta–.

–Korrika Batzordeak egin ditu antolaketa lanak. Noiz hasi zineten hau dena prestatzen?

–Urtarrilaren amaieran izan zen lehendabiziko bilera eta bi hilabete osoz astero elkartu gara dena ongi-ongi antolatzeko. Talde polita bildu gara: AEKko irakasleak; Abaraxka ludotekako ordezkaria; Euskara teknikaria; aurreko AEKn ibilitako lagunak; ikastetxeetako ordezkariak; Lur Korta ere aritu da, elkarteen ordezkariekin batera. Talde polita elkartu da aurten ere.

–Zenbat irakasle ari zarete lanean Intxixu AEK euskaltegian? Nola eramaten da zurrunbilo hau dena?

–Bost irakasle gaude lanean. Lau oiartzuarrak gara, Jon Diaz de Mendibil koordinatzailea, Itsaso Huitzi, Mattin Kazabon eta ni neu Saioa Ballesteros, eta Errenteria-Oreretako Maitane Linazasoro da bosgarrena. Egia esan, esperientzia daukagunok gidatu diegu besteei. Azken bi asteetako klaseak ongi-ongi prestatuak uzteko aholkatu genien; izan ere, azken hilabetea eromen hutsa izaten da. Bost irakasletik bi berri xamarrak dira, hirugarrena aritu izan da piska bat eta beste biak esperientzia dugunak. Horrela batzuen freskotasuna, gogoa eta ilusioa uztartu dira besteen esperientzia eta gogoarekin. Oiartzunen azken asteburuan kontzentratu da lan guztia eta gustura aritu gara, eramangarria izan da. Orain oporretan gaude, deskantsatzen.

–Noiz hasi zinen Intxixu AEKn lanean?

–1999-2000 ikasturtean hasi nintzen. Badira urte mordoxka dagoeneko. Irakasle bezala hasi nintzen, bulegari ere ibili nintzen Donostian eta beranduago eskualdeko arduradun ere. Denetarik piska bat, normalean AEK-n ibiltzen denak denetarik egiten du.

–Bretoiek ere parte hartu dute Korrikaren 22. edizioan.

–Bai, talde polita etorri zen Oiartzun aldera, 29 lagun hain zuzen. Baionan kilometro bat egin zuten korrika, larunbat arratsaldean eta, Oiartzunen, igande goizaldean Karaez-Oiartzun senidetza elkarteko kideekin batera, Gurutzen. Donostian ere izugarri gozatu zuten igandean. Gu ere joan izan gara Bretainiara Regadeg lasterketan parte hartzera. Lau urte badira han izan ginela. Aurten, maiatza aldera izango da eta badugu hara joateko asmoa.

–Aurtengo edizioa oso berezia izan al da?

–Bai, jende askok esan digu gauza bera. Herrian somatzen zen festaz gozatzeko irrika berezia zegoela. Gazteek nahiz helduek ilusioa, poza zeukaten Korrikan parte hartzeko.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Gazte asko ikusi dugu Korrikan parte hartzen, eta horrek ilusio handia pizten du»

Oiartzun: «Gazte asko ikusi dugu Korrikan parte hartzen, eta horrek ilusio handia pizten du»