Arditurri parketxea planez betea dator Aste Santuan
GOIZARIN
Osteguna, 14 apirila 2022, 00:14
Euskal Herrian zoko ezezagun ugari daude eta horien artean dago Arditurriko meategia. Herritar asko noizbait kobazulo batean sartu da, baina ez meategian, are eta gutxiago etxetik hain gertu dagoen honetan. Horrexegatik, udaberrian ere aukera bikaina dago Arditurriko meategiak duen xarma ezagutzeko. Bertako ondarea hurbiletik ikusi nahi duena oinez, bizikletaz, kotxez ala Pagoalde Poligonotik (Ergoien auzoa) irteten den tren berdean etor daiteke (aurre-erreserba bidez).
Aiako Harriaren magalean dagoen parketxeak hiru proposamen erakargarri prestatu ditu. Orientazio jolasa izango da lehena, hilaren 18an izango delarik. Goiz dibertigarri bat familian pasatzeko plan ezin hobea izango da. Bertako inguruan zehar barreiatuz bisitariek froga desberdinak bilatu beharko dituzte «Iparra galdu gabe» ibiltzeko, Arditurri parketxetik abiatuz.
Lehendabiziko saioa goizeko 10:30ean hasiko da. «Txandak 20 minuturo antolatuko ditugu», argitu dute antolatzaileek. «Goizeko 12:10ak arte emango ditugu txandak», gaineratu dute. Familia bakoitzak ordu eta erdiko iraupeneko jolasa egingo du. «Hiru kilometroko ibilbide erraza egingo da orientazio jolasean», zehaztu dute. Jolasa elebiduna izango da eta abiapuntua Arditurriko parketxean egongo da. Parte hartzeko sarrera 4 euroan egongo da salgai.
Bigarren proposamena hilaren 24an ospatuko da, 'Okilak, gure basoetako arotzak' izenekoa. Aiako Harrian hegazti horien bizimodua eta ohiturak hobeto ezagutzeko irteera gidatua izango da. «Haritz eta pago zaharrez osatutako gure baso zabaletan okilak bizi dira urte guztian zehar, baina udaberria da habiak egiteko sena pizten zaien garaia», jakinarazi dute antolatzaileek. Arditurri parketxean okilen inguruan hitzaldi labur bat egingo da lehenik, eta ondoren, ibilaldi motz bat egingo da hegazti horien jantokiraino, aukera badago entzunez eta ikusiz.
Bisitak 5 euroko prezioa izango du eta adin guztietako herritarrei zuzendua dago. Aurretik erreserba egitea beharrezkoa da, plaza mugatuak baitaude. Bestalde, bisita egunean bertan, prismatikoak eramatea gomendatzen da.
Arditurriko Trena
Hilaren 24an, 'Ez galdu Arditurri Trena' ekimena jarriko da martxan Arditurrin. Trena eta meategia konbinatuz, goiz pasa ederra egiteko aukera izango da, prezio zein baino zein bereziagoan gainera.
Trena Pagoaldea Poligonotik (Oiartzundik) abiatuko da Arditurriraino, bidean Aiako harriko Natura Parkean murgilduz. Hautatzen den bisitaren arabera tren ordutegi bat dagokio: Pagoaldetik trenak 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan abiatuko dira. Meategietako bisita oinarrizkoa izango da. Trena eta oinarrizko bisitaz gozatu nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte, 13 urtetik beherako haurrek 3 euro. Azkenik, bueltatzeko trena 11:30ean, 12:30ean eta 13:30ean izango da. Trenaren joaneko zein bueltako ibilbideak 20 minutuko iraupena du. Aurretik erreserba egitea beharrezkoa da, plaza mugatuak baitaude.
Azkenik, Arditurri meategira bisitak egiteko aukera ere egunero eskainiko dira, Aste Santuan eta baita Pazko Astean zehar ere (asteartean itxita baitago). Aurrez erreserba egitea gomendagarria da, eta horretarako Arditurri parketxera edota Oiartzungo turismo bulegora deitu daiteke (turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus – 943 49 45 21).