Adin jakin batetik aurrera, lagunarteko futbol partidak edo patxangak errusiar erruleta bezalakoak dira. Litekeena da ezer txarrik ez gertatzea, dena ondo joatea, partidaren amaieran emaitzari, huts egindako aukerei eta adinarekin galdutako ileari buruz bakarrik hitz egitea. Baina nahikoa da errebolberraren danborran ezkutatuta dagoen bala makur hori dena leherrarazteko. Giharrak ez dira lehengoak, belaunaren hezurrak baxoerdia bezain hauskorrak dira, lotailu-haustura ate-joka dator gutxien espero duzunean, sastada ahalguztidunak agertzen dira muskulurik ere bazela uste ez zenuen lekuetan… Ez dago erdilaririk, denek jokatu nahi dute aurrean edo atzean, inork ez du korrikan aritu nahi gora eta behera. Futbolinaren antz handiagoa hartzen dute halako partidek, xake partiden zurruntasun estrategikoa darie. Catenaccioa da nagusi. «Dana emon bihar jako…» golik ez jasotzeko.
Ez ahaztu luzamenduak egitea aurretik eta ondoren, eta, batez ere, yoga ariketak, burua eta gorputza harmonizatzeko. Izan ere, adinean aurrera joan ahala, bi horiek ez doaz abiadura berean. Buruak gorputzak baino gehiago ahal du, hegan doa gaztetan bezala, irudimenean arerioak atzean utziz eta gol sinestezinekin fantaseatuz. Nahi duzuna izan zaitezke irudimenean, baina oinak lurra zapaltzen duenean, gorputzaren giltzadurak eta torlojuak kexaka hasten direnean, errealitatea oso bestelakoa da. Azken batean, halako partiden helburua ez da irabaztea edo ondo pasatzea, onik ateratzea baizik.