«Oldarraldi judizialari erantzun» eta azaroaren 4ko manifestaziora joateko deia egin du UEMAk
Mankomunitateak Kontseiluak deitutako mobilizazioarekin bat egin eta Bilbon izango dela berretsi du
J. A.
Asteartea, 10 urria 2023, 13:00
Euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten neurrien «aurkako oldarraldi judizialari erantzun» eta azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon antolatutako manifestaziora joateko deia egin du UEMAk mankomunitateko kide diren 101 herrietako en udal ordezkariei eta herritarrei.
«Oldarraldi judizial» honen baitan heldutako azken erabakia, UEMAk oroitu bezala, uztailekoa da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Udal Legearen 6.2 artikulua bertan behera utzi zuenean. Berau 2016an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak «gehiengo zabalarekin» mankomunitateak azpimarratu duenez.
Epaiaren berri izan eta hurrengo egunean, UEMAko kide diren 101 udaletako alkateek eta zinegotziek agerraldia egin zuten Usurbilen, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia salatzeko, «udalak euskaraz jarduteko dugun eskumena defendatzeko eta lege babesarekin edo gabe euskaraz lan egiten jarraituko dugula» berresteko. Orain, «egoeraren larritasuna ikusita», 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat' lelopean egingo den manifestazioan bat egitera deitu du mankomunitateak.
Hala, bi eragileek «euskararen normalizazioaren kontra» heldutako epai sorta oroitu dituzte: Erandioko Udalekoa, Uliazpi Fundazioari buruzkoa, Barakaldokoa, Irungo udaltzainena edo euskara hizkuntza «zailegia» dela argudiatu zuen Laudioko sententzia. «Oldarraldi judizial» honek «koska bat gora» egin zuela iritzi du Eskisabelek uztailaren 6an EAEko Udal Legeko 6.2. artikulua partzialki baliogabetu zuenean, «udalerri euskaldunei euskara hutsez funtzionatzeko aukerak murriztu zienean». «Euskararen normalizazioan aurrerapausoa egiteko tresna sendo bat indargabetu zuen. Baina, horrez gain, adostasun sozial handi baten kontrakoa izan zen epai hori, Udal Legea gehiengo zabalez onartu baitzen Eusko Legebiltzarrean», salatu du.
Pasa den maiatzaren 10ean deitu zuen mobilizazioa Kontseiluak honen idazkari nagusiak, Idurre Eskisabalek, 'Maiatzaren 10eko adierazpena' irakurri ostean. Testua, «bata bestearen atzetik hizkuntza biziberritzeko neurrien aurka doazen» neurrien harira «kezka handia» erakusten duenak«erasoaldi judizial baten aurrean gaudela egiaztatzen duelako», hainbat legelari, akademiko, elkarte eta eragileetako ordezkari eta euskalgintzako aurpegi ezagunekin adostua izan zen eta ordutik izaera ezberdineko eragile eta sindikatuen atxikipena jaso du. Besteak beste, Agurne Gaubeka (Hizkuntz Eskubideen Behatokia), Alizia Iribarren eta Aize Otaño (AEK), Joxe Mari Sors eta Joanmari Larrarte (Elkar), Amagoia Mujika eta Iban Arregi (Berria), Nekane Artola (Ikastolen Elkartea), Jasone Mendizabal (Euskaltzaleen Topagunea), Amaia Zarrabeitia (Elhuyar), Amaia Balda (Emun), Ibon Leibar (EHE), Lorea Agirre (Jakin), Patxi Uribarren (Karmel), Nerea Mujika (Gerediaga Elkartea), Leonor Aurrekoetxea (Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea), Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi), Maite Asensio (Hezten), Miren Segurola (UEMA), Iñaki Zabaleta (Eusko Ikaskuntza), Malen Frantsesena (GES), Isa Izarzelaia (Zenbat Gara), Lutxo Egia (Bira), Idoia Ugalde (Hau Pittu Hau), Olatz Sagastui (Berbaizu), Amets Aranguren (Kontseilua), Maizpide Barnetegiko ordezkariak. Martxelo Otamendi eta Kike Amonarriz.