Borrar
Xalbador bertsotan, Xabier Amurizaren begiradapean. DV

Ez normala, ezta berria ere

Hemen, normaltasun berrian ·

Atzo laurogei urte beteko zituen Xalbadorrentzat eguneroko ogia zen normaltasun berria, guretzat aldiz Kantabriara pasa ahal izatea

Gaizka Lasa

San Sebastián

Sábado, 20 de junio 2020, 07:29

Comenta

Normaltasun berrian sartu (omen) ginen atzo. Guztiari izena jartzeko mania daukagu, gero horrek zer esan nahi duen azaltzea zailagoa egiten bazaigu ere. Datorkigun garaiak ordea normaletik gutxi izango du eta berritik are eta gutxiago. Gustura jarriko nieke hiru bertsotarako gaia hauxe Uztapideri, Basarriri, Xenpelarri edota Egañari. Nahi duzun doinu eta neurrian, galderari erantzun: Nolakoa nahiko zenuke izatea normaltasun berria? Eta zer ez nuke emango erantzuna Xalbadorren ahotan entzuteko! Asteburu honetan egunkari guztietan idatziko diren artikulu luze horiek guztiak baino argi gehiago emango liguke bere bat-bateko sorkuntzak. Argi bideratzailea. Atzo bete zen haren jaiotzaren laurogeigarren urteurrena.

Gaurko normaltasun berria Kantabriara pasatzeko aukera izatea da. Horrek adierazten du gure kezken maila alarma egoera honen bukaeran. Horren inguruan ere gustura entzungo nuke Urepeleko artzainaren gogoeta. Egia eta ogia gehiago ziren bere kezka iturri. Azalekoak alde batera utzi eta sakonetik jotzeko ohitura zuen, bere laguna Mattin bazuen umorea jorratzeko. Bera bezalako bizpahiru kontseilari nahikoak lirateke gaur gure Gobernua bideratzeko, hainbeste jakintsu gabe. 1971ko ekainaren 6an, Oiartzunen, Juan Mari Lekuona idazle eta irakasleak (hau ere aholkulari ona lehendakariarentzat) bertsolariei entzuleari gauza bat opa edo desiatzeko eskatu zien. Tranpa txiki bat egin eta demagun gaurko normaltasuna nolakoa nahiko luketen galdetu ziela. Bada Xalbadorrek azkar asko hauxe bota zuen: «Jaun Zerukoak eman dezaukun kantatutzeko argia/guk esanetik etor dadien entzulendako ongia/esango dizuet jaun-andreak, bihotzetikan egia/Jaungoiko onak eman zaukula eguneroko ogia».

Twitterreko anonimoei Xalbadorren oinordekoei baino kasu gehiago egitea ere normaltzat daukagu

Artzain txakur izena daukan Covid birusak zaunka egin digu. Beldur pixka bat sartuko al zigun?

Hori XX. mendeko Urepelen izango da normala Xalbador. Guk orain Castro edo Laredoko hondartzetan eguzkia hartzen euskaldunak ikusi nahi ditugu, normaltasunaren adierazle. Eta hori behin berreskuratuta, gainontzekoak normal jarrai dezala. Bizitza proiektu duin bat eraiki ezin duten langile gazte horiek ERTEtik atera eta bere mila euroko soldatara bueltatu daitezela. Etxebizitza edo janaria bezalako bi luxuen artean aukeraketa egiten segi dezatela normaltasun osoz. Eta tarteka behartsuren bat lurrean eskean ikus dezagula, normaltasunaren argazkian batzuk besteen gainetik ikus gaitezen. Bestalde, datozen hauteskundeetan politikariek berea ez den alderdiaren gabeziak erakusten jarraituko dute eta bertso plazan Xalbadorren oinordekoek abesten dutenari baino kasu gehiago egindo diote goizean goiz twitterren eztabaida pizten duen lehenengo hiritar anonimoari. Normala.

Normaltasun berria iritsi da baina nik gaur Anastasio nere lagunaren etxera afaltzera joaterakoan nere bizikleta kandaduarekin aurreko farolari lotu beharra izatea ez da normala. Amazonen eskatu duen kortxo-kentzeko tresna dendan dagoenaren erdi prezioan 24 ordutan jaso izana ere ez da normala. Normala ez den bezala mundu zabaletik egin dituen bidaien inguruko lata neri irentsi araztea Txindoki edo Aiako Harria non dauden ere ez dakienean... Gure Anas ardi galdu bat da. Xalbadorrek ere ez luke dominatuko. Baina balizko normaltasun horren semea da, beste asko bezala. Aspaldi sakabanatu zitzaigun artaldea. Orain artzain txakur izena daukan Covid birusak zaunka egin digu. Kasu egingo al diogu? Beldur pixka bat sartuko al zigun gorputzean? Beldurrari ere bi bertso gogoangarri bota zizkion Donostian 1965ko urtarrilaren 1ean Xalbadorrek. Bigarrenean gaur kontutan izan beharko genukeen mezua aipatu zuen. «Jainko jaunari egiten diot otoitz kartsu eta beroa/beldur sobera ez dadin izan altxa dezagun gogoa/Bainan beldurrak ere badauka nunbaitik bere erroa/batere bildurrik ez duena ere deitzen da eroa».

Ero samarra da bai gure normaltasuna Xalbador. Agian denok Urepeleko larretan hezi izan bagina, dena normalagoa izango litzateke. Ez da harritzekoa Xabier Letek zuri idatzi zizun abestian mendi hegaletan gora, oroitzapen den gerora ihesetan irudikatzea.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ez normala, ezta berria ere

Ez normala, ezta berria ere