Kontuak kontu...
Zenbakiek, bere soiltasunean, ez dute ezer esaten. Hitzekin apaintzen direnean, ordea, nahi duten guztia
Soziedade zalea naiz. Beste behin Euskaltzaindiari barkamena eskatu beharrean nago, baina ni lagunekin bazkaldu edo afaltzera soziedadera joaten naiz, ez elkartera. Kontu ugari aipatu ondoren, kontuak egiteko ordua iristen da. Prozesu zehatza eta matematikoa beharko lukeena nekeza ere izan daiteke. Banketearen oparotasuna zenbat eta potoloagoa, are eta nekezagoa. Zerbitzuak, edariak, kafeak, kopak... Zapoaren kontua, txuletarena, postrea ekarri duenaren tiketa... Eragiketa egiteko ordua: gastu guztien batuketa zati mahaikide kopurua. Demagun 37,7 euro diola kalkulagailuak. Orduan hasten dira diru biltzailearen komeriak. Batek prezioa biribildu egin du. Besteak bi lagunena eman. Hirugarrenak ez du kanbiorik. Denena jaso, ordaindu behar zaionari berea eman eta azken emaitza halaxekoa izan ohi da. Normalean soberakoa. Boterako. Gehienetan, ordea, diru horren arrastoa galdu egin ohi da bakoitza eguneroko saltsetan murgildu orduko. Baina denak pozik. Bada dozena bat lagunen otorduarekin gertatzen dena iradoki-tzailea iruditu zait aurrekontuak gora eta aurrekontuak behera lerroburuetan irakurtzen ari naizen honetan.
Inoizko aurrekonturik handiena proposatu du hurrengo urterako Eusko Jaurlaritzak: 15.728 milioi euro. Azken 28 horiek nora joango ote diren pentsatzen ari naizela, beste datu interesgarri hau azaldu zait: zerga bilketari esker 1.400 milioi euro gehiago jasotzea espero da. Banketea, beraz, ez da nolanahikoa izango. Zerbitzu hobeak, soldata hobeak... Pagotxa.
Zenbakiek, bere soiltasun horretan, isolatuta, ez dute ezer esaten. Hitzekin jantzi behar. Eta hitzak, ai amigo, nahi dutena lor dezakete ondo apainduta paseatzera ateratakoan. Juan Luis Zabalak ohartarazi zigun bezala, «ez dago eleberri eder batek ezin argi lezakeen misteriorik, ezin zuri lezakeen jokabide ulergaitzik, ezin arrazoi lezakeen gertaera absurdurik». Ezta kontaketa eder batek lortuko ez duenik ere. Astelehenetik aurrera sailburuek bakoitzaren sailari dagokion aurrekontuak aletuko dituzte eta ordaindutakoaren truke jasoko duguna liluragarria irudituko zaigu.
Aurretik egindako kontuak; horixe dira aurrekontuak, euskal kulturaren tradiziorako kontzeptu labainkorra
«Ez dago eleberri eder batek ezin zuri lezakeen jokabide ulergaitzik», idatzi zuen Juan Luis Zabalak
Aitorren hizkuntza zaharrak zenbait bihurrikeritarako bidea ematen digu. 'Aurrekontua' hitza, esaterako, nahiko toki ilunean uzten du. 'Kontua' euskaraz 'kontua' da. Errealitate irmo eta kontrastatu baten anaia txikia. Berriketaren kategoria duena, alegia. Zeresanik ez aurrizki hori jartzen bazaio. Aurretik egindako kontua. Horixe da aurrekontua. Ez esan euskal kulturaren tradizioarekin talka egiten ez duenik. Gurean kontuak amaieran eta zehaztasun osoz egin nahi izan dira beti. Eta zuzen. Bakoitzari berea emanez, soziedadean ordu txikitan bezala.
Aurrekontuen atalean, nola azaldu bakoitzari zenbat eskatu eta bakoitzak zer eta nola jaso? Nola azaldu bazkaria prestatu aurretik dirua mahai gainean utzi beharra? Eta gero kontuak nori eta nola eskatu? Hor dago koska. Nork eramaten du botea? Arraindegiko tiketik ez dago hemen. Hitz ugari bai. Kontuak. Energia konpainien gaineko zerga berezia kendu izanak ere badu bere azalpena, pentsa.
Energiaz dakiten horiek erakutsi ziguten energia, hain zuzen ere, ez dela desagertzen, eraldatu baizik. Bada diruarekin antzeko parezido. Garestiago ordaintzen badugu, norbaitek gehiago jasoko duelako izango da, ezta? Basarrik bertso pare antologikoa utzi zigun honen harira. «Jornalak altxa bear dirala len baño zerbait gorago/oso bidezko dala uste det, baña ni beldurrez nago/Esaidazute, lagun maiteok: gauza onik ote dago/bizimodua igotzen bada soldata baño geiago?». «Sekula baño palta geiago egiten du gaur diruak/iges dijoaz berealaxe asko kostata bilduak/Derrigor jarri bearrak daude prezioentzat frenuak/galtzak bete lan artu duela uste det gobiernuak».
Kontuak kontu, soziedadera berriz ere lasai asko joango naiz, ordaindutakoak ondo ordainduta daudelakoan. Une gozoa pasatzeko jarri beharrekoa ondo jarri dudalakoan. Inor aberastu ez delakoan. Benetako elkarbizitza zintzo eta alaia sustatu dudalakoan.