Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Artola, Zumeaga eta Ezeiza Kilometroak

Jaiaren muina mantenduta helduko da Kilometroen eredu berria Villabona eta Zizurkilera

Herrigintza, kultura, hezkuntza, herritartasuna, transmisioa eta erresilientzia oinarri hartuta antolatu da egitaraua: erakusketa, bertso saioa eta antzerkia izango dira ikusgai, besteak beste

Ostirala, 25 iraila 2020, 16:37

Comenta

Gipuzkoako ikastolen jaia eraldatuta dator. Ez da egun bakarreko jaia izango, baizik eta aste bet iraungo duen ekimena. Irailaren 28tik urriaren 4ra, Amasa Villabonan eta Zizurkilen hainbat jarduera burutuko dituzte 'Korri, pump, ttak' lelopean, Zubimusu Ikastolak antolatuta.

Nekane Artola Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak, Nerea Zumeaga Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolako zuzendari-gerenteak eta Gaizka Ezeiza Kilometroak jaiko koordinatzaileak eman dituzte jaiaren inguruko lehen azalpenak.

Hasierako asmoak behin eta berriz aldatuz, momentuan momentuko egoerara egokitzeko ahalegina egin du ikastolak urte guztian zehar. Zumeagak azaldu duenez, «horrek, Kilometroak jaiaren antolaketan ez ezik, Zubimusu Ikastolaren 2ZIA proiektuan ere zuzenean eragin du». Horregatik, hitzordua baliatu dute Tanta zozketa martxan dagoela gogorarazteko.

Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da Tanta, herritarrek Euskal Herriko ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikarituko dena. «Herritarrek bost euroko ekarpena egingo diote Euskal Herriko ikastolen proiektuari, Tanta txartel bakoitzeko. Ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu. Era berean, Tanta txartela erosten dutenek, 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute», azaldu du Zumeagak.

Duela urte bete, Zarautzen jakin zen lau urteko hausnarketa prozesuaren ondoren, Kilometroak-ek eredu berria izango zuela 2020ko ekitaldian.

Horrela, Zubimusu Ilkastolak 2020ko Kilometroak antolatzeko ardura hartu zuenean, «ilusioz» ekin zion antolaketari. «Lehen aldiz izango genuen Gipuzkoako Ikastolen jaia Zubimusu Ikastolan», adierazi du Zumeagak. Urte luze honetan, baina, denetariko egoerak bizitzea egokitu zaio ikastolari, gizarte osoari bezala, eta Zumeagak aitortu du ez dela xamurra izan hilabete hauetako jarduna: «Ez da erraza izan urte honek ekarri dizkigun egoerak gainditzea; baina egokitzen jakin dugu, eta horri esker, gaur Kilometroak Astea izango dena aurkezteko moduan gaude, lehen egunean genuen ilusio hari hegoak ematen jarraitzeko indarrez».

Hasierako asmoak betetzea ezinezkoa izan bada ere, Kilometroak jai berrituaren muinari eutsi zaio. Hala, Zumeagak azaldu duenez, Zubimusu Ikastolaren zutarria den 2ZIA proiektua izango da Kilometroak Astearen ardatza: «Zubimusun ikaslea da ikaskuntza prozesuaren ardatza, eta bakoitzak bere gaitasunak garatzeko eta zailtasunak gainditzeko hezten ditugu, beti haurraren garapen naturala errespetatuz».

Kilometroak-ekin ere berdina izango da, ikasleak eta komunitatea izango baitira Kilometroak Astearen ardatza. «Izan ere, urte luze honetan gure gaitasunak proban jarri ditu koronabirusak, baina ikasleek egiten duten moduan, sortu diren zailtasunak gainditzeko lan egin dugu, ekintzak gaur egungo egoerara egokituz».

Egitarau xumeagoa

Kilometroak jai handiaren ordezkoa izango den egitarau xumeago bat prestatu dute. Herrigintza, kultura, hezkuntza, herritartasuna, transmisioa eta erresilientzia oinarri hartuta antolatu da egitaraua. Irailaren 28tik urriaren 3ra 'Kilometroak historian zehar' erakusketa izango da Zizurkilgo Atxulondo kultur aretoan.

Urriaren 3ra arte burutuko dute, baita ere, dagoeneko martxan dagoen 'Mendimetroak' egitasmoa. Amasa-Villabona eta Zizurkilgo inguruetan barrena egiteko sei ibilbide prestatu dituzte, LHko haurretatik hasi eta DBHko gazteek egin ahal izateko. Ibilbideok maila bakoitzera egokituta daude.

Bestalde, urriaren 1erako mahai ingurua prestatu dute: 'Biharko Euskal Eskola' izenekoa, 19:00etan, Amasako kultur etxean. Parte hartzaileak izango dira HikHasi, OinHerri eta Euskal Herriko Ikastoletako ordezkariak.

Pello Mari Otaño bekaren aurkezpena ere egingo dute urriaren 2an, Zizurkilgo Iriarte kultur etxean. Ondoren, 19:00etatik aurrera, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, Zirtotsak bertso saioa egingo dute Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariekin. Amaia Agirre izango da gidaria eta gai jartzailea.

Sei urtetik gorako haurrek 'Kalean otso, etxean uso' antzezlanaz gozatu ahalko dute urriaren 3an Villabonako Errebote plazan. 20:00etatik aurrera Andoni Ollokiegiren kontzertuak osatuko du eguneko egitaraua.

Azkenik, urriaren 4an, lekukoaren emate ekitaldi instituzionala burutuko dute, Ondoren, 12:00etan hasita, Zubimusuko komunitateari zuzenduta eta 'Zer ginake gure amon-aitonik gabe?' izenburupean, Kilometroak zikloari itxiera emateko ekitaldia hartuko du Zubimusuren Txermine eraikinak.

Ezeizak argi azaldu duen moduan, «egungo egoera kontuan hartuta, ezinbestekoa izango da ekitaldi guztietarako aurrez sarrera eskuratzea. Bertso saiorako sarreren prezioa 10 eurokoa izango da, eta kontzerturako, haurren emanaldirako eta igandeko omenaldirako sarrerak doan izango dira. Hala ere, dohan diren ekitaldietarako ere sarrera beharko da, aforoa mugatuta egongo baita».

Ekitaldietarako sarrerak

Bertso saiorako sarrerak kilometroak.eus helbidean, Zizurkilgo Iriarte etxean eta Villabonako Amasa kafetegian eskuratu ahalko dira. Kontzerturako, haurren ikuskizunerako eta omenaldi ekitaldirako kilometroak.eus webgunean.

Sarrerak Kilometroens helbidean eskuratu nahi dituztenek, ekitaldi bakoitzerako prestatutako galdetegia beharko dute, bertan zehazten diren datu guztiak zuzen beteta. Behin datuak beteta, email bat jasoko dute izena ematen dutenek, eta email hori ekitaldiaren sarreran erakutsi beharko dute.

Bertso saiorako sarrerak Iriarte Etxean zein Amasa kafetegian eskuratzen dituztenek, berriz, sarreran bertan horretarako zehaztutako gunean bakoitzaren izen abizenak eta telefonoa idatzi beharko dituzte.

Ezeizak zehaztu duenez, «egitarau xumea baina balioetan oso aberatsa» osatu ahal izan du Zubimusu Ikastolak, «Kilometroak jaiak duen muinari sakonean helduta».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Jaiaren muina mantenduta helduko da Kilometroen eredu berria Villabona eta Zizurkilera

Jaiaren muina mantenduta helduko da Kilometroen eredu berria Villabona eta Zizurkilera