Irailean sartuta, hozten eta udazkentzen hasi da itsasoa, bere goroldio eta goiz enbortsu usainarekin. Zibilizazio murgildu baten teselak eskaintzen dizkio begiratzen dakienari, halabehar errepikakor baten hiztegia, aparrezko azala duen zezen baten marrua, galdezka datorrena. Udaleko langileak hasi dira jasotzen sorosleen postuak. Surflari eta igerilari batzuk neoprenozko jantziekin dabiltza jada, tenperaturatik babestu asmoz, eta itsas erabiltzaile gutxi batzuk, berriz, bularra eta hankak agerian, hozkirria xurgatu eta energia bihurtzeko. Uretan dabiltza batera eta bestera, zeregin bat betetzearen kontzientziarekin. Gitarra baten soinua darie, nahiz urrutitik entzun ez. Itsasoaren jabego eta jabe dira aldi berean. Artzain eta artalde. Edo urtzain eta urtalde, nahiago baduzue.
Albistegiak ez dira uretara heltzen, ezin dute hura hozkatu. Urak bakarrik daki leuntzen gizatalde batzuek eragindako mina, haien gorrotoa eta zinismoa. Kostatik, aldiz, abiapuntu baten beharraz ari dira hausnarrean ibiltariak. Nola itzuli hasierako puntura, bideko tumore eta metastasiak ezabatuta. Nola digeritu pentsamenduaren ikuspegitik itsasoa bezalako animalia leial eta zintzo bat, nola egin gure baitan urek gora egiteko, prentsako lerroburu petralek zainetan zabaltzen duten kolesterol tasa urardotzeko. 'Polarizazio' hitza Monpas aldeko olatuetara bota ezkero, hondo sakonetaraino eramango lukete bertako korronteek, begien bistatik desagertzeraino. Hainbeste dakiten ur horiek, erantzunen bat gordetzen dute sabelean, zurrunbilotik ateratzen ikasteko hari-muturren bat.