Hirurogeita hamabost legebiltzarkide ditugu Gasteizen, eta berrogeita hamalau aholkulari edo asesore. Legebiltzarkideak ez datoz etxetik aholkulariarekin, legebiltzarrak ordaintzen ditu horrelakoak. Pentsatzen jarrita, ez da negozio txarra. Gauza askotaz ezer gutxi jakinda, herriaren ordezkari eta ahots izan zaitezke, nahiz eta ahots horren ahots-kordak beste norbaitenak izan. Bentrilokia bidezko zerbait balitz bezala. Atzetik eta ezkutuan datorren ahotsa, eta guk aurrez aurre ikusten eta entzuten duguna. Legebiltzarkideek hitz egiten dutenean, gehienetan behera begira egiten dute, aholkulari horietako batek idatzitako paperei arreta jarrita. Antzerkian antzeko zerbait egiten zen lehen: oholtzan maskor moduko bat zegoen, eta han barruan, ezkutatuta, oroitarazlea. Antzezleei laguntzen edo orientatzen zien pertsona zen, testua ahazten zitzaienean edo eszenatoki gainean behar bezala mugitzen ez zirenean. Orain, pinganillo bidez egin daiteke hori, eta jada ez da derrigorrezkoa oroitarazle bat hizlariaren atrilean gordeta egotea.
Herriaren ordezkariak pertsona kualifikatuak zirela uste genuen. Tira, aholkulariren bat behar izatea normala dirudi, inor ez baita ikasia jaiotzen. Baina horrenbeste… Eta nork aukeratzen ditu aholkulari horiek: alderdiek? Legebiltzarrak? Oposizio-lehiaketa bidez? Eta galderak egiten hasita, nork ordaintzen ditu aholkularien aholkulariak? Eta, total, alderdi bakoitzeko ordezkari guztiek gauza bera bozkatzeko. Ahots monokorde beti bera izateko.