Julen Gabirondo, Jon Otegi eta Mikel Lizartza lehiatuko dira bihar Gipuzkoako sega txapelketan
Asteasuko Bulano baserriaren belardian jokatuko da bihar 12.00etan hasita
Gipuzkoako sega txapelketa jokatuko da bihar, 12.00etan hasita, Asteasun Bulano baserriaren belardian. Txapelaren bila abiatuko dira Julen Gabirondo (Urnieta), Mikel Lizartza (Tolosa) eta Jon Otegi (Oiartzun). Orduerdiko lana burutu beharko dute, ordubeteko lanaren ordez.
Pasa den urtean ez zen Gipuzkoako txapelketarik egon eta azkenengoan, 2019an, Julen Gabirondo izan zen txapelduna. Bere bigarren txapela eskuratu zuen eta bihar hirugarrena nahi du. Gainera, pasa den larunbatean Zalduaren aurkako desafioa irabaztetik dator. Aizkora lanak ahaztuta, segan du jarrita orain burua.
Txapela lortzea ez da erraza izango, aurrean bi segalari arriskutsu eta onak ditu. Mikel Lizartza ez zen orain bi urteko finalean aritu, baina bai 23 urteko Jon Otegi oiartzuarra. Bere maila hobetu baldin badu, eta adina kontuan izanda horrela izango da, txapelaren borrokan sartu daiteke.
Ligaren azken saioa, gaur
Bestalde, Almitzak antolatzen duen Euskal Herriko XII. Bakarkako Sega Ligako hirugarren eta azken saioa lehiatuko da gaur, Etxalekun (Imotz bailaran), 18:00etan hasita. Gizonezkoetan lehen postuan berdinduta doaz Julen Gabirondo eta Migel Mari Jauregi 'Altzo'.
Emakumezkoetan Alaitz Imaz eta Ainara Otamendiren artean egongo da lehia eta gizon gazteen mailan Arkaitz Gabirondo eta Jokin Mikeo dira lehen postuan berdinduta.