Iker Vicente: «Pandemia aurretik 60 erakustalditik gora nituen udan eta aurten, bost»
Otsagabiako da Urrezko Kopa hirugarren aldiz jarraian irabazteko faboritoa, bihar arratsaldeko zazpietan Trinitate Plazan
Donostiako Urrezko Kopa jokatuko da bihar arratsaldez, 19:00etan, Trinitate Plazan. Hamalauna kanaerdiko moztuko dituzte Aitzol Atutxak, Mikel Larrañagak, Eneko Otañok, Jon Rekondok eta Iker Vicentek. Azken hau da irabazteko hautagai nagusia. Nagusituko balitz, bere hirugarren garaipena lortuko luke jarraian. Halere, prestaketa lanak asko aldatu dira azken bi urteetan pandemiaren eraginez. Erreferentzia argirik gabe, aizkolarien sasoia zein den jakitea zailagoa egiten da.
– Ostegunean egin zenuen azken saioa. Zer moduz aurkitzen zara biharko Urrezko Kopari begira?
– Sentsazioak onak dira, baina erakustaldi eta txapelketa gutxi ditugu eta nolako sasoia dudan neurtzea ez da batere erraza. Aurkariak nola dauden jakitea ere ez da erraza. Uztailean kanporaketa izan zen eta denok ongi gaudela ikusi zen han.
– Erakustaldi eta txapelketa gutxiago dituzuela aipatu duzu. Pandemiak nolako eragina izan du zuengan?
– Ikaragarria. Pentsa, pandemia aurretik udan 60 erakustaldi inguru egiten nituen. Igandeetan goiz eta arratsaldez izaten nituen saioak. Aurten, berriz, bost baino ez ditut izan orain arte, nahiz eta dirudienez mugimendua hasi den. Datozen asteetan baditut erakustaldi gehiago lotuta. Abuztu erdialdetik aurrera eta irailean agenda nahiko beteta izango dugu.
– Prestakuntzan eragina izango du galera horrek, ezta?
– Bai, noski. Entrenamenduetako sentsazioak eta lehiaketakoak ez dira berdinak. Orain ez dakigu gorputzak nola erantzungo duen. Dena den, ongi aurkitzen naiz eta ez nuke arazorik izan behar lan ona egiteko.
«Larrañaga oso ongi dago eta Otaño urtetik urtera hobetzen ari da. Atutxa beti da Atutxa eta ez da erraza izango garaipena»
– Nola ikusten duzu biharko txapelketa? Baduzu aurkarien berririk?
– Aurkariak ongi daudela ikusi zen sailkapen saioan. Hamalau kanaerdiko lana izanda, lan erdietara guztiok nahiko parean iritsiko gara nire ustez. Ondoren, erritmoari hobekien eusten dionak irabaziko du. Aurkariei dagokienez, Larrañaga indartsu dago, eta erakutsi zuen kanporaketan. Eneko Otaño gero eta hobeto ari da eta kontuan hartzekoa izango da. Aitzol Atutxak askotan irabazi du Urrezko Kopa eta Atutxa, Atutxa da. Pasa den urtearekin alderatuta, hobeto dago. Erakutsi zuen kanporaketan. Niretzat ez da erraza izango hirugarren aldiz jarraian irabaztea. Bosgarrenez parte hartzen dut eta ilusioz beteta joango naiz.
– Urrezko Kopa antolatzea eskertzekoa da garai zail hauetan.
– Dudarik gabe. Txapelketa eta erakustaldi gutxi ditugu. Egoera horretan entrenatzea ez da erraza. Motibazioari eutsi behar zaio eta Urrezko Kopa bezalako txapelketek asko laguntzen dute. Sherpa.ai Txapelketa Nagusia abenduan izan zen eta ordutik Binakakoa bakarrik jokatu da. Hilabete asko dira beste txapelketarik gabe, eta hori gogorra da aizkolariarentzat.
– Txapelketa Nagusia al da zure hurrengo helburua?
– Bai, horri begira jarriko gara biharkoa amaitu ondoren.
«Txapelketa nagusiko finala azaroan nahi da antolatu. Bestetik, Euskal Federazioarekin bilera egin dugu eta egoera bideratzekotan dago»
– Sherpa.ai-ren laguntzarekin bi txapelketa aurrera atera dituzue aizkolariak. Nola doa aurtengo Txapelketa Nagusiaren antolaketa?
– Pasa den urtean aizkolariak buru-belarri geunden antolaketa lanetan, baina aurten sherpa-ai-ren esku utzi ditugu zeregin horiek. Aizkora lanetan aritzeko denbora gehiago uzten digu erabaki horrek. Irailean kanporaketa egingo da. Oraindik eguna zehaztu gabe dagoen arren, finala azaroan antolatuko da seguruenik.
– Bi txapelketa urte osoan. Ez al dira gutxi?
– Hala da, baina ez da erraza gehiago antolatzea. Gastuak handiak dira eta ikuslerik gabe izateak ez du batere laguntzen. Alderantziz, ez du konpentsatzen gastu aldetik. Horretan ere, pandemiak bete-betean eragin du eta kalte egin digu. Gure poltsikotik jarri behar dugu dirua eta babesleak lortzea ez da erraza.
– Euskadiko Federazioarekin duzuen harremana hobetu al da? Ba al da konponbiderik?
– Euskadiko Federazioan aldaketak egon ziren, lehendakari eta zuzendaritza berriak daude. Harremanak berreskuratu eta ariguneak zabaldu ditugu. Bilera izan genuen eta txapelketei berrekiteko nahia erakutsi genien. Aizkolari guztien artean sailkapen bat egitea izan zen gure proposamena. Honela, aurreneko hamabiak lehenengo mailan egotea, hurrengo hamabiak bigarren mailan eta pixkana-pixkana aizkolariak berriz mailakatzea. Federazioaren jarrera horren aldekoa da edo behintzat ez zuen begi txarrez ikusi, alderantziz. Baina orain lehenengo mailan dauden aizkolariak ez datoz bat. Legea eta araudia alde dituzte. Hala ere, Federazioarekin berriz biltzekoak gara eta egoera bidera genezakeela uste du.