Lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa bihartik, Getxon
Mutriku kluben arteko txapelketan ariko da, Gaztedi, Goiherri eta Getxorekin batera, eta selekzioka Euskal Herriak hartuko du parte
Getxon, eta zehazkiago Fadurako Kirol Parkeko instalazioetan, Munduko Sokatira Txapelketa jokatuko bihartik igandera arte. Txapelketa lur gainekoa izango da eta 16 selekzio nazionalek hartuko dute parte Faduran eta 580 kirolari inguru izango dira lehian. Zortzi kategoriatan jokatuko dira txapelketak, pisuen eta sexuen arabera, nazioen eta kluben arteko munduko txapelketan.
Txapelketa 2020ko irailerako aurreikusita bazegoen, pandemiagatik atzeratu egin zen. Klub edo taldekako mundiala lehenengo bi egunetan jokatuko da, hau da bihar eta etzi, eta selekzioen arteko mundiala irailaren 18an eta irailaren 19an.
-
Taldekako Txapelketa
-
Noiz. Bihar eta etzi. 9 30etan eta 13:30etan hasita.
-
Non Getxon, Faduran.
-
Euskal taldeak Gaztedi, Goiherri, Getxo eta Mutriku. Mutrikuk parte hartuko du bihar 580 kilo mistoan eta 560 kilo gizonezkoetan, 640 kilo gizonezkoetan etzi.
-
Selekzioen arteko Txapelketa
-
Noiz. Larunbatean eta igandean. 9 30etan eta 13:30etan hasita.
-
Non Getxon, Faduran.
-
Euskal Herria Maila guztietan ariko da, zortzi guztira.
-
Edukiera 500 ikuslera mugatuko dute.
Kluben arteko txapelketan lau talde euskaldunek hartuko dute parte: Getxo, Gaztedi, Goiherri eta Mutrikuk. Gipuzkoak beraz talde ordezkari bakarra izango du aurtengo Munduko txapelketan. Gogoratu behar da Nuarbeko taldeak, 90garren hamarkadan, hainbat aldiz irabazi zuela Munduko txapelketa.
Partaide gutxiago aurten
Bizi den testuinguruak zaildu egin du antolaketa eta parte-hartzaileen kopurua azken edizioetako txikiena izango da. Oraingo honetan 16 selekzio nazional daude: Belgika, Txina Taipei, Txekiar Errepublika, Frantzia, Alemania, Israel, Italia, Letonia, Polonia, Errusia, Suedia, Ingalaterra, Hegoafrika, Herbehereak, Suitza eta Euskal Herria bera. Klubei dagokienez, 39 klub egongo dira, guztira 73 talde osatuz.
Selekzioen Munduko Txapelketan Euskal Herriko selekzioak maila guztietan, hau da zortzi, jokatuko ditu tiraldiak: 500 kilo eta 540 kilo emakumezkoak; 560 kilo, 640 kilo, 680 kilo eta 720 kilo gizonezkoak; 580 kilo mistoa eta 23 urte azpiko 600 kilo gizonezkoan.
Orain bi urte Euskal Herriko selekzioa, Lurmutur Hirian egin zen azken Munduko Txapelketatik, hiru dominekin itzuli zen etxera: zilarra 560 kilotan gizonezkoetan, brontzea 500 kilotan emakumezkoetan eta zilarra azken jardunaldian 720 kilotan.
Taldeak beste lau dominekin itzuli ziren, bi domina Goiherrik lortu zituen eta beste bi Gaztedik. Goiherrik zilarra leporatu zuen 560 kiloko gizonezkoen kategorian eta brontzea gizonezkoen 640 kiloko proban. Gaztedik berriz, zilarra emakumezkoen 540 kiloko mailan eta brontzea 560 kiloko proban, hain zuzen ere Goiherriren aurka. Aurtengo helburua emaitza horiek hobetzea izango da.
Munduko Txapelketa Tug of War International Federationek (TWIF) antolatzen du eta 1960an sortu zen. Beraz, aurten, Getxon, 60garren urteurrena ospatuko du. 2002tik, NOBk onartutako federazioa da. Euskal Herria 2015ean onartu zuten TWIFen.