Gora Etxebeste!

Elena Irureta eta Ramón Agirre aktoreak Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan./
Elena Irureta eta Ramón Agirre aktoreak Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Asier Altuna eta Telmo Esnal zinema zuzendariek euskarazko komediagintza aldatu zuten haien lehen film luzearekin, eta, hamalau urte geroago, euskal zinemagintzan aitzindaria den proiektu batekin datoz

PELLO ZUPIRIA

Marka da gero eus kal zinemagin tzan ordura arte egindakoarekin hausten duten bi proiektu aurrera ateratzea, baina Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariek berriro ere lortu dute. Elkarrekin hainbat film labur egin eta gero, «Aupa Etxebeste!» kaleratu zuten 2005ean, euskaraz egindako lehenengo komedia absurdoa. Orain, berriz, hamalau urte pasatu eta gero, pelikula beraren jarraipena egingo dute, inoiz egin ez dena gurean: «Agur Etxebeste!». Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan estreinatuko da. Lau eskutara idatzi eta bi ahoz zuzendutako lan honek sekulako arrakasta izan zuen, eta Etxebeste familia euskaldun askoren oroimenean sartu zen betiko.

«Ordura arte ez ziren film asko egin euskaraz, edo gu txienez egon zen denboraldi bat ez zirenak luzemetraiak egin. Gertatu zen, hain justu, Euskal Telebistak apustua egin zuela euskal zinemagintzaren alde, eta guri egokitu zitzaigula lehen pelikula hori egitea. Hortik aurrera, urtero pare bat edo egiten hasi ziren», gogoratu du Esnalek. Jadanik baziren urte batzuk gidoia «nahiko landuta» zutela, eta «harriduraz» hartu zuten ideia hura pantaila handira eramateko aukera eskaini izana. Honela jarraitu du Esnalek: «Komentatu zigutenean, guk uste genuen ez genuela inoiz lortuko proiektu hori burutzea. Poz handia hartu genuen, azkenean gure bizi apustua hori izan baita, zinearen bitartez istorioak kontatzea».

Ez dira gelditu «Aupa Etxebeste!» atera zutenetik. Buru-belarri aritu dira. Batzuetan, nor bere aldetik: Altunak «Amama» edota «Desterrados» kaleratu ditu, besteak beste; eta Esnalek, gure tradizioen bidez, euskal herri primitibora eraman gaitu «Dantza» bere azken filmean. Besteetan, elkarrekin aritu dira, «Urteberri on amona!», kasu.

Esnal: «Orokorrean esango nuke asmoa bete dugula, ikuslegoari barre eginaraztea»

«Nahiko berdintsu ikusten ditugu bi prozesuak. Batera ari garenean ez dago desadostasunik, argi daukagu istorioa dela garrantzizkoena eta aurrera egin behar duela. Orduan saiatzen gara gure egoak alde batera uzten eta proiektuaren alde lan egiten», azaldu du Esnalek. «Azkenean elkarrekin hasi ginen gauzak egiten».

Familia bera, lan talde bera

Lehenengo filmaren arrakastak berehala ekarri zuen ekoiztetxeak hurbiltzea bigarren saio bat egiteko proposamenarekin, baina, garai hartan ez zuten argi ikusten. Beste proiektu batzuk esku artean zituztela eta, ez zuten aurrera egin. Hamar urte pasa ondoren, berriz luzatu zieten gonbita, eta orduan bai, onartu egin zuten.

Honela azaldu digu zuzendariak: «Momentu egokian etorri zitzaigun, hainbat gauza egin genituen ordurako, eta erronka gisa hartu genuen. Batetik, ez genuelako horrelakorik inoiz egin. Hau da, aspaldiko istorio bati buelta batzuk eman eta beste berri bat sortzea. Bestetik, euskal zinemagintzan ere lehenengo aldia da film batean oinarritutako bigarren saio bat egiten dena. Alde horretatik beldur pixka batekin ere hartu genuen. Dena den, bageneraman bolada bat drama kutsua zuten filmak egiten, eta kostatu zaigu komediara bueltatzea. Baina esango nuke ondo etorri zaigula genero horretan berriz ere aritzea».

Premisa batetik abiatu da bigarren «Etxebeste» hau: Zer pasatu zaio familia horri azken hamar urtean? Azkenean, protagonista berberak dira, eta lehen filmean gertatu zen bezala, oraingoan ere, egoera absurdo batean nola erantzungo duten erakutsi nahi dute zuzendariek. «Hamar urte pasatu dira, baita beraientzat ere. Zer gertatu zaie? Patrizio alkatetzara aurkeztu zen lehenengo filmean, eta bururatu zitzaigun lehenengo gauza horixe izan zen: «hau alkatea izango da seguru!». Hortik tiraka joan gara istorioa lotzen». Gizartean azken urteetan gertatu diren aldaketak ere erakutsi nahi izan dituzte, esaterako, emakumeen papera jendartean, eta horren erakusgarri izango da Maria Luisak alkatetza lortuko duela, «herriko lehen emakume agintaria».

Aldaketak aldaketa, talde bera aritu da film honetan lanean. Aktoreetatik hasi eta Javi Pezen musikara, edota Bergarako herritarren parte hartzetik pasatuta. «Lehenengo pelikulan hainbat bergarar agertu zen, eta oraingoan baita ere. Beti gustatu izan zaigu artista sendoez eta kaleko jendeaz inguratzea. Gustatzen zaigu nahasketa hori. Bestalde, musika oso elementu garrantzitsua da, hein batean, istorioa gida tzen doalako. Iruditu zitzaigun Pezek sekulako lana egin zuela aurrekoan eta oraingoan ere hura arduratu da musikaz. Hasierako doinua, adibidez, bera da, baina film ezberdina izanik, aldaketak ere sartu ditu», argitu du Esnalek.

Premisa batetik abiatu da bigarren 'Etxebeste' hau: Zer pasatu zaio familia horri azken hamar urtean?

Zuzendariaren aburuz, lehenengoaren jarraipena izanik, «beti egongo da konparaziorako tartea», baina emaitzarekin gustura geratu direla aitortu du: «Film autonomoa da. Osotasunean uler daiteke «Aupa Etxebeste!» ikusi gabe. Egia da hura ezagu tzen dutenek keinu gehiago identifikatuko dituztela, baina orokorrean esango nuke asmoa bete dugula, hau da, ongi pasatzea, disfrutatzea eta ikuslegoari barre eginaraztea».

Asier Altuna eta Telmo Esnal zinema zuzendariek euskarazko komediagintza aldatu zuten haien lehen film luzearekin, eta, hamalau urte geroago, euskal zinemagintzan aitzindaria den proiektu batekin datoz.