'What is bertsolaritza?', bertsolaritza 20 minututan

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; ; Eneritz Urkola ikus-entzunezkoaren zuzendariak; Marije Etxaniz Laboral Kutxako komunikazio zuzendariak; Andoni Egaña Mintzola Ahozko Lantegiko patronatu kideak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak hartu zuten parte aurkezpenean./MINTZOLA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; ; Eneritz Urkola ikus-entzunezkoaren zuzendariak; Marije Etxaniz Laboral Kutxako komunikazio zuzendariak; Andoni Egaña Mintzola Ahozko Lantegiko patronatu kideak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak hartu zuten parte aurkezpenean. / MINTZOLA

Etxepare Institutuaren, Mintzola Ahozko Laborategiaren eta Laboral Kutxaren arteko lankidetzaren emaitza da honezkero sarean den 20 minutuko lana

N. AZURMENDI

Euskal Herriaren eta euskal kulturaren inguruko informazio oinarrizkoa zabaltzen duten euskarri gehienek egiten diote aipamenen bat, azalekoa bada ere, bertsolaritzari. Bertsolaritza bertatik bertara ezagutzen ez dutenei zuzendutako hurbilketa sakonagoak ere badaude, jakina.

Atzo, Donostian, azaleko informazioaren eta azterketa sakonaren arteko lana aurkeztu zuten: 'What is bertsolaritza?' ('Zer da bertsolaritza?') 20 minutuko ikus-entzunezkoa, nazioartean zabaltzeko sortua eta honezkero Mintzola Ahozko Lantegiaren YouTubeko kanalean ikusgai dagoena. Izan ere, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatu dute ekimena, Laboral Kutxaren laguntzarekin.

Hiru eragile nagusi horien ordezkariak elkartu ziren aurkezpen ekitaldian, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak bertsolaritza atzerrian ezagutzera ematearen garrantzia nabarmendu zuen. «Bertsolaritza gaur arte bizirik heldu bada izan da euskaldunontzat jarduera interesgarria izan delak», esan zuen.

Horrez gain, «gure herria, kultura eta hizkuntza ezagutu nahi dutenentzat ere erakargarria izan daitekeelakoan gaude, eta hortik sortu da proiektu hau. Gure mugez gaindi euskal kulturan interesa dutenentzako interesagarria izatea nahi genuke, gure herria ezagutzeko bide ona da eta».

Bertsolaritza, oinarritik

Xabier Payak idatzitako gidoian oinarrituta, Bertsozale Elkarteko Eneritz Urkolak eta Jon Agirresarobek zuzendu dute ikus-entzunezkoa. Produktore eta erredaktore lanetan ere Elkarteko kideak ibili dira. Proiektua orain urtebete abiatu zen, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan zela. Txapelketako saioetan grabatutako irudiak eta Xenpelar Dokumentazio zentrokoak erabili dituzte, alegia, «bertsolaritza oinarritik ezagutzeko» aproposa izan nahi duen lana osatzeko.

Helburu nagusia bertsolaritza zer den nazioartean azaltzea denez, ingelesez ematen dira azalpenak, euskara, gaztelania eta frantsesezko azpitituluekin. Bertsio saioak, noski, bere horretan utzi dira, eta ingelesez, gaztelaniaz eta frantsesez jarri zaizkie azpitituluak.

Alderdi askotatik erakusten zaie ikus-entzuleei zer den bertsolaritza. Agian zailena dena, bertsoaren sormen prozesua azaltzea, «modu oso bisual eta ulergarrian» adierazi dute, «ikuslearekin konplizitatea bilatu asmoz».

Txapelketa Nagusiaren inguruan sortzen den giroa baliatuz, bertsolaritzak duen oihartzun soziala nabarmendu dute, eta atzerriko ikertzaileek eta inprobisatzaileek bertsolaritzari buruz duten ikuspuntua ere jaso dute. Besteak beste, Birminghameko Unibertsitateko irakasle Karin Barberren; Missouriko Unibertsitateko irakasle eta Oral Tradition Center-eko zuzendari John Zemkeren eta Sardiniako inprobisatzailea den Paolo Zeddaren iritziak jaso dira.

Bertsolaritzaren mugimenduaren errepaso azkar bat egiteaz gain, bereziki erreparatu diote tradizioan sustraitutako euskal kantu inprobisatuak eguneratzeko egin duen ahaleginari; belaunaldiartekotasunari eta emakume bertsolarien ekarpenari, esate baterako.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos