Urrian amaituko da proposamenak aurkezteko epea
Antzerki-sorkuntzarako bosgarrenez deitu du Euskaltzaindiak Lautan Hiru deialdia
J. A.
Astelehena, 5 abuztua 2024, 12:53
Euskaltzaindiak bosgarren aldiz jarri du martxan antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza, helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea delarik, batez ere, pieza laburren sorkuntzari lagunduta. Gidoiak bidaltzeko epea urriaren 6an amaituko da, eta parte hartu nahi dutenek lanari buruzko ahalik eta informazio gehien bidali beharko dute posta elektronikoz info@euskaltzaindia.eus helbidera.
Epaimahaia Lautan Hiru antzerki jaialdiko arduradunek osatuko dute, eta lan bakarra hautatuko du; laguntza ez ematea ere erabaki dezake. Saria 2.500 euroko laguntza izango da gidoiarentzat eta antzezlanaren ekoizpenarentzat. Ostean, oinarrietan zehaztua dagoenez, antzezlana 2025eko Lautan Hiru jaialdian estreinatu beharko litzateke.
Antzezlanek, gehienez ere, 30 minutu eta, gutxienez, 15 minutuko iraupena izan behar dute. euskaraz idatzitako testuarekin. Antzezlanak jatorrizkoak eta estreinatu gabekoak izan behar dira (ez da beste hizkuntza baten itzulpenik edo antzezlan luzeago baten moldaketarik onartuko). Era berean, ez dira onartuko antzerako beste laguntzaren bat jaso duten piezak. Gaia eta moldea libreak izango dira eta bakarrizketak ere onartuko dira. Lanak areto txikietan antzezteko modukoak izango dira, hots, formatu txikikoak, hau da, giza baliabide eta beharrizan tekniko gutxi eskatzen dutenak.
Akademiak antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen 2020an, Bilboko Udalaren babesarekin. Sariaren helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntzari bultzada emateko asmoz.