Azken 40 urteetako aurpegiak urtea amaitzeko ETB1n
Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko duten 'Biba 2022!' galak emango dio ongietorria urte berriari
Asteazkena, 8 abendua 2021, 12:52
2021a urte zaila izan da osasun egoeragatik eta ondo amaitzeko asmoz ETBk urte zahar berezia antolatu du lehen katerako azken 40 urteetako aurpegi ezagunenak bilduz 'Biba 2022' saioan. «Harridura atseginaz eta nostalgiaz begiratuko diogu iraganari», zehaztu dute komunikazio taldetik. Parte-hartzaile kopurua ere ez da kasualitatea, 2022an 40 urte beteko baititu telebistako lehen emisioa egin zenetik. «Ospakizun handia egingo dugu gure telebistaren oroitzapenetan murgilduta», azaldu dute.
Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztuko duten galak bi zati izango ditu: lehena gauerdiko kanpaien aurretik; eta, bestea, hauen ostean hasiko dena. Lehenengoan, ETBren euskarazko kanalean ezagun egin diren pertsona asko bilduko dituzte, 50 gonbidatu baino gehiago pantailan, eta aspaldian elkar ikusi ez dutenak elkarraraziko dituzte, besteak beste: Goenkaletarren familiarik handiena, 'Sorginen Laratza' saioko aurkezle guztiak, 'Martin' telesaileko protagonistak; eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak ere berriro elkarrekin, bederatzi urteren ondoren.
Chill Mafia, Egan, Olatz Salvador...
Urte berriaren hasieran, 2022aren estreinaldian, ez da ez musikarik eta ez sorpresarik faltako. Azken boladan harrabots sortu duen Chill Mafiako kideak eta Eganeko Xabier Saldias elkarrekin ariko dira kantuan. Eta Gozategi, Bulego, Iñaki Ortiz de Villalba, Xabier Solano, Olatz Salvador, Zuriñe Hidalgo, Jon Urdangarin (Drindots) eta Amak taldeak, besteak beste, musika ikuskizunak eskainiko dituzte. Gainera, aurrez aurre egon ezin izan dutenen zorion-bideoak ere emitituko dira.
Gauen zehar 2022an ETBren ereserkia izango den 'Euskal Telebistak 40 urte' ereserkia esklusiban ezagutzera emango da.