Telesfororen itzal luzea

Olaso dorreko egongeletako bat. Arrano beltzaren bandera horia ikusten da, Telesforok diseinaturiko sinboloa./MORQUECHO
Olaso dorreko egongeletako bat. Arrano beltzaren bandera horia ikusten da, Telesforok diseinaturiko sinboloa. / MORQUECHO

Monzonen lehenbiziko biografia plazaratu da oraintxe. Politikari honek, liburuak ez ezik, kantak, antzezlanak eta pastoralak eragin ditu

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Telesforo Monzonen oihartzuna ez da amaitzen. Aspaldi hil zen, 1981ean, baina tarteka haren gaineko liburuak-eta plazaratzen dira. Azkena, aste honetantxe, 'Telesforo Monzon. Aristokrata eta abertzalea', politikari honi egiten zaion lehenbiziko biografia, Pako Sudupek idatzia.

1986an 'Telesforo Monzon. Hitzak eta idazkiak' liburu sorta –sei tomo lodi– publikatu zuen Jaizkibel argitaletxeak. Juanba Berasategi zenaren ekimena izan zen, neurri handi batean. Etxez etxe saldu zen.

Gero, 2006an, Txalaparta argitaletxeak Iñaki Anasagastiren 'Llámame Telesforo' plazaratu zuen, 1973ko elkarrizketa luze batean –Donibane Lohizunen egina– oinarritutako liburua. 2011n, Zuberoako Larrañek pastorala eskaini zion, Bergaran ere antzeztu zutena. Handik hiru urtera, Iduzkilore antzerki-talde lapurtarrak Monzonen 'Hazparneko anderea' taularatu zuen. Eta oraindik ez dira isildu Pantxoa eta Peioren abesti mitiko haien oihartzunak, Telesfororen letra zuten abestiak, hala nola 'Itziarren semea', 'Lepoan hartu', 'Euskarari bai'...

XX. mendeko euskal politikan protagonista gutxi izango dira Telesforo bezain kitzikagarriak, izan ere ibilbide bitxia izan zuen: aristokrata jaio zen, heziketa integrista izan zuen, gaztaroa Madrilen eman zuen handikiekin tertulian eta Zuzenbideko ikasketak bukatu ezinda, baina 1930. urte aldera guztiz aldatu zen bere bizi-martxa: mutikotan galdutako euskara berreskuratzen hasi, EAJn sartu, Euskadi Buru Batzarrera iritsi, mitinlari gisa nabarmendu, ondoren 1936ko gerra, Eusko Jaurlaritzako Gobernazio sailburu, erbestea, EAJtik aldentzea, EAJtik kanporatzea, Herri Batasunarekin bat egitea...

Arrasto handia utzi zuen Monzonek, besteak beste bizialdi luzea izan zuelako, Agirre lehendakariarena baino askoz luzeagoa. Gainera, bada fundazio bat Telesfororen suzia piztuta mantentzen duena: Olaso Dorrea Sorrerakundea.

Telesforo Monzon Ortiz de Urruela familia aristokratiko batean jaio zen Bergarako Olaso dorrean. Guraso handikiak zituen, etxe eta lursail askoren jabe –amak Sevillan zituen ondasun horiek– eta beraz errentetatik bizitzen zen familia batean hazi zen. Maria Josefa Ganuza Lardizabalekin ezkondu zen; hau, berriz, Telesfororen lehengusu txikia eta hainbat baserriren jabea.

Bizi zirela, eta ondorengorik izan ez zutenez, erabaki zuten Olaso Dorrea Sorrerakundea sortzea, beren ondasunak kudeatzeko fundazioa, alegia. Zehazkiago esanda, Telesfororen anaia Isidro eta arreba Mª Dolores ere izan ziren fundazio horren sortzaile.

Telesforo Monzon 1981 urtean hil zen.
Telesforo Monzon 1981 urtean hil zen.

Jakina denez, 1936ko gerra galdu ostean, lehenbizi urte gutxi batzuk Ameriketan eman eta gero, 1977ra arte Donibane Lohizunen bizi izan zen Telesforo. 1977an itzuli ahal izan zen Hegoaldera, Askatasunaren Martxarekin batera. Telesforo eta Maria Josefa iritsi zirenean Bergarako beren dorretxera, egoera oso kaxkarrean bilatu zuten eraikina. Kontuan izan behar da gerraostean Falange eta Sección Femeninakoek beretzat hartu zutela, eta bertako aulki eder batzuk Donostiara, Aieteko jauregia eraman zituztela. Argazkiak badaude non Franco eta ministro batzuk agertzen diren haietan eserita. Gero Olasora bueltatu zituzten altzariok; gaitzerdi.

1981ean hil zen Telesforo, ondoren arreba Mª Dolores eta anaia Isidro zendu ziren, eta 2002an itxi zituen begiak betiko fundazioaren azken sortzaileak, Maria Josefa Ganuzak. Orain nortzuk ari dira Olaso Dorrea Sorrerakundea gidatzen? Ezker abertzaleko kide ezagun batzuk, Telesforo eta emazteak hala nahi zutelako. Lehendakaria Jose Luis Elkoro da, Bergarako aspaldiko alkatea. Berarekin batera, Patxi Zabaleta, Itziar Aizpurua eta beste batzuk. Asmoa, Elkorok adierazi digunez, da lagun gazte batzuk erakartzea fundazioko aginte-organora.

Orain Pako Sudupek burutu duen biografia horretan irakurri dugunez, Telesforok bere azken urteetan aldamenean ibili zituen Jokin Gorostidi eta Itziar Aizpurua senar-emazte ETAkide izanak, bizkartzain moduan, heriotza-mehatxuak izan zituelako.

Fundazioaren lan garrantzitsuenetako bat Olaso Dorrea bera zaintzea da. Udalak, aspaldi, berritu bat eman zion teilatuari eta alde horretatik ez da kezkarik. Urtean behin edo bitan hantxe biltzen da Jakiunde, zientzia, arte eta letren akademia.

Eraikina XVI. mendekoa da eta jardin eder bat dauka. Badira urte batzuk, Udalarekiko hitzarmen bati esker, herritarrentzako zabalik dagoela; goizero irekitzen dute eta gauero ixten. Bertako arbola deigarriena, berriz, 26 metro altu den magnolioa. Gerri-buelta 6,2 metrokoa du.

Jardinera bai, baina etxe barrura ezin da sartu. «Barruan artelanak daude, balio handiko piezak, eta lapurreta suertatu liteke», adierazi du Jose Luis Elkorok.

Sorrerakundeak diruz lagundu izan ditu kultur egitasmo batzuk, hala nola Juan Madariagaren 'Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII'. Euskaltzaindiak ateratako liburua da, eta Sorrerakundearen eta euskararen akademiaren arteko lankidetza lehendik dator, hala ere. Gerra ostean Donibane Lohizunen bizi izan zen Telesforo, eta han zegoela erosi zuen Georges Lacombe (1879-1947) euskaltzainaren biblioteka. Liburu horiek Euskaltzaindiaren Azkue Liburutegiko apalategietan daude gordeta 2008az geroztik, eta tartean badira ale oso-oso baliotsu batzuk: Leizarragaren Testamentu Berriaren bi ale, Oihenarten 'Notitia utriusque Vasconiae', Xahoren 'Voyage en Navarre', Poza lizentziatuaren 'De la antigua lengua'...

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos