Sortzaile eta hartzaileen Kultura Jaialdia abian da
Ikasle Goizarekin ekin dio Durangoko Azokak aurtengo edizioari, gaztetxoei zuzendutako egitarau zabalarekin
Euskal kulturazaleen plaza den Durangoko Azokak ostiral honetan zabaldu ditu ateak. Goizeko 10.30ean sartu dira lehengo bisitariak Landako Gunera, eta datozen egunetan, astelehena bitarte, milaka izatea espero dute antolatzaileek. 60 urteko ibilbidea ospatzen den honetan, hainbat berrikuntzekin dator programazioa, besteak beste, bi gune berrirekin, ilustrazioa eta podcasten alorrei helduko dietenak, arte-adierazpen berriei leku eginez.
Ikasle Goizarekin ekin dio Azokak aurtengo edizioari. Egun osoan zehar Euskal Herriko hainbat ikastetxeetako ehunka gaztek beraientzat espresuki diseinatutako tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Zianotipia, komiki, bideopodcast, antzerki, marrazki edo idazkera tailerrak antolatu dira, baita dokumentalak nola sortzen diren ikastekoak, edo euskarazko eduki digitalari buruzko solasaldiak. Bihar ere egitarauak gazteei zuzenduriko ekintza ugari hartuko ditu, egun osoko plana egin ahal izan dezaten. Publiko berriak erakartzearenak Azokaren helburuetako bat izaten jarraitzen du.
Noticia relacionada
Kontsulta ezazu 60. Durangoko Azokaren programazioa
Inoiz baino kultur nobedade gehiago egongo dira aurten Durangoko Azokan kulturazaleek hartzeko eta emateko, 1026 guztira, horietatik 694 liburuak, 163 musika ekoizpenak, 30 aldizkariak eta 139 bestelako ekoizpenak (fanzineak, audioliburuak, podcastak…), denak 2025ean eta euskaraz kaleratuak. Landako Gunean 285 erakusmahai ipini dituzte 175 partaideren artean eta lan berriak aurkezteko 273 ekitaldi programatu dira. Besteak beste, Bernardo Atxagak ('Enarak), Arantxa Urretabizkaiak ('Zahartzaroaren maparen bila'), Harkaitz Canok ('Silueta'), Eider Rodriguezek ('Dena zulo bera zen'), Karmele Jaiok ('Harrizko bihotza'), Jon Arretxek ('Txerriak eta loreak') edo Karlos Linazasorok ('Düsseldorf-eko txibatoa') beraien azken lanak aurkeztuko dituzte.
Baina eskaintza ohiko 10:30-20:00 ordutegitik harago luzatuko da, egitarauak jarraipena izango baitu gauetako kontzertuekin. Ostiralean, 23:30ean Plateruenan izango da lehen eskaintza, puntako bi talderekin: Lukiek eta Ezezez. Larunbatean Mirua eta Naxker taldeen txanda izango da.
Gainera, Behe Bandakoen errezitala eta bostOK konpainiaren emanaldi bat ere egongo da larunbatean iluntzean; igandean Formol laborategiaren ikuskizuna ikusi ahal izango da, Bittor Kapanaga kulturgilea omenduko da, eta 'Gaua' filmaren emanaldia eskainiko da, Paul Urkijo zuzendaria bertan izango delarik.