Robot andrea, alkate nahi zaitut
Tokioko Tama barrutian robot bat izan dute alkatetzarako hautagai. Ustelkeriaren kontra borrokan oinarritu du kanpaina. Ez du irabazi, baina 4.013 boto jaso ditu
1940ko abenduaren 23an John W. Campbell eta Isaac Asimov zientzia fikzioaren maisuek izan zuten hitz-aspertu oparo baten ondorioa dira unibertso honetan horren ondo ezagutzen ditugun 'Robotikaren hiru legeak'.
Lehenbiziko legea: Robotak ez du inoiz gizakirik kaltetuko eta beti erreakzionatu beharko du gizaki hori beste inork kaltetu ez dezan.
Bigarren legea: Robotak gizakiaren aginduak beteko ditu beti, agindu horiek lehenbiziko legearen kontrakoak direnean izan ezik.
Hirugarren legea: Robotak bere burua babestuko du beti, babes hori lehenbiziko legearen kontrakoa ez bada .
Gizakiok guk geuk sortutako makinei diegun beldurrak eragindako lege horiek robot guztien kode morala bilakatu ziren. Egingo duten oro kode horren menpeko izango da. Beraz, robota, izatez, kreatura moralki zuzena dugu. Beti. Beraz, ez da harritzekoa Tokioko Tama barrutian robot bat hauteskundeetara aurkeztu izana. Are gutxiago joku politikoan garbi arituko zela hitza eman izana.
Hala ere, jakin badakigu lege horiek askotan gezurtatu dituztela. Ez robotek baizik eta hainbat eta hainbat zientzilarik, idazlek eta zinemagilek. Araudia izan aurretik. Izan eta gero. Egiari zor, 'Frankenstein izua' izeneko sentimenduak eraginiko legeak direla adierazi dute Robotikaren Araudiaren inguruko aditu frankok. Eta ederki dakigu Victor Frankenstein doktoreak sortutako kreatura saminduak ez zituela bete ez lehenengoa, ez bigarrena, ez hirugarrena. Jakin badakigu ere ez zela bere errua izan, sortu zuenarena baizik, ez baitzuen Victorrek onartu kreaturarekiko zuen erantzukizuna.
Fritz Langen 'Metropolis' filman gauza bera gertatzen da. Mariak, zilarrezkoa dirudien altzairuzko sorkariak suntsipena eragingo du era basan. Bera errudun? Ez horixe, gizakiok gaitzarekiko dugun joera eta jitea baizik.
'Blade Runner'-eko erreplikante eder horiek, gu baino askoz hobeak ziren horiek, errebolta egingo dute gure kontra pelikulan (eta inspirazio duen Philip K.Dicken liburuan), aipaturiko hiru lege horiek bertan behera utzirik. Adimen Artifizialaren harribitxi horiek gure kontra jardutea merezia dugula onartu behar dugu, xume. Onartu baino gehiago: pantaila aurrean, nobelan zehar, ikusle ala irakurle, roboten alde. Roboten alde, zure espeziaren aurka.
Alta, hiru legeak betetzen dituzte maite izan ditugun robot batzuk. Esaterako, 'Star Wars'-eko R2-D2k, BB-8k eta C3POk. Esaterako Wall.e zoragarriak. Edo Burdinazko Erraldoi itzelak. Eta Kubricken Espazio Odiseako Hal 9.000 harrigarri hark? Auskalo. Bizkorregia zen eta bere buruaz kontzienteegia, bere bukaera ailegatzen zela jakitean gu bezalako kreatura hutselez kezkatzeko.
Hiru lege famatuak, ditxosozkoak. Horren gutxi bete izan direnak. Hala ere, oso egokia dirudi, zilegi oso, Tokioko Tama barrutiko 4.013 biztanlek pentsatu izana Michihito Matsuda robota alkate ona izan zitekeela.
Kale afixetan agertzen zen Michihitok emakume ezaugarriak zituen bai aurpegian bai gorputzean. Itxura erakargarria. Fidagarria. Boto-emaile batzuk konbentzitzeko beste.
Nork sortua zen alkategai berezi hori? Adimen Artifizialean, joko politikoan eta sare sozialetan eskarmentu handiko Tetsuzo Matsudak eta Norio Marukamik. Euren ustez, AAren laguntzaz, bitartez, makinek orain arte ezagutu ditugunak baino politika bidezkoagoak egingo lituzkete. Etorkizun hurbil batean jarriko dituzte martxan, ziurrenik. Informazio handia eta datu amaigabeak lortzeko eta ikertzeko arazorik ez dutenez, makina horiek politika zehatzak sortu ahalko dituzte. Zehatzak. Garbiak. Gardenak. Adimen Artifizialak erraz jakingo ditu biztanleen nahiak, desirak eta beharrak zein diren, eta bete egingo ditu. Omen. Bide.
Engaiamendu sozial libre eta sakona agindu zituen Michihito Matsuda robotak, eta 4.013 hauteslek botoa eman zioten Tokioko Tama barrutian. Ez zuen irabazi. Momentuz, bertakoek haragi eta hezurrezko alkatea nahiago. Alde handiz gainditu zuen Iroyuki Abek, 33.000 botoekin. Baina batek daki zer gertatuko den, zer gerta daitekeen hurrengo kanpainetan. Fidatuko gara inoiz, inon, ez kanpotik ez barrutik ustelduko ez den izaki batekin? Batek daki. Ala, agian, batek baino gehiagok dagoeneko badaki...