Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Felixen azalean sartu da Plazaola, konpetitibitateaz, galtzeaz eta irabazteaz umorez aritzeko.

Jon Plazaola: «Norberak bilatu behar du beretzat zer den benetan irabaztea»

Beraxek idatzi eta zuzendutako 'Irabazi' bakarrizketa estreinatuko du gaur Donostiako Antzoki Zaharrean; bertan izango da igandera arte

Asteazkena, 26 abuztua 2020, 06:20

Comenta

Jon Plazaola (Urretxu, 1982) taberna zokoetan monologista gisa ibilitakoa da. Telebistak aparteko dirdira ematen dien izarren artean izar izatea zer den ere badaki. Beste urrats bat egin du orain, Antzoki Zaharrean euskaraz estreinatuko duen 'Irabaziren' ardura nagusiak -testugile, zuzendari eta aktore- bere gain harturik. «Irribarrea, barrea, eta gogoeta pixka bat» biltzen ditu ikusle askori ezagunak egingo zaizkion kontuei heltzen dien antzezlanak.

Datuak

  • Antzezlana. Izenburua: 'Irabazi'. Testugile, zuzendari eta aktore: Jon Plazaola. Konpainia: Txalo Produkzioak.

  • Emanaldiak: Donostiako Antzoki Zaharra (Kale Nagusia, 3). Abuztuaren 26tik 30era. 20:00etan.

  • Sarrerak. 13,50 eurotik 20 eurora bitartean. Txarteldegian eta https://tickets.donostiakultura.eus web gunean.

- Ondo baino hobeto dakizu zeure testu batekin publikoaren aurrean agertzea zer den. Azken batean, horrelaxe hasi zinen. Hasierako esperientzia haiekin alderatuta, zer dakarkiguzu 'Irabazi' honetan?

- 'Irabazi' bakarrizketa bat da, eta horrek berritik ez dauka ezer, aspalditik egiten baititut bakarrizketak, 19 urte nituenetik. Bizitzaren erdia daramak horretan, baina 'Irabazi'-rekin nahiko nuke pauso bat eman. Ez dakit aurrera den, atzera den edo albo batera den, baino pauso bat da betiere, ez baita betiko 'stand up comedy' estiloko monologo bat. Antzezlan bat da, askoz ere teatralagoa. Eta, komedia bada ere, mezu potente samarra ematea da helburua.

- Distantzia pixka bat hartzea ahalbidetzen dizun pertsonaia baten bitartez oraingoan...

- Bai, antzezlana den aldetik, pertsonaia bat da nik haragitzen dudana. Ez da Jon Plazaola. Nirekin antzik baldin badauka ere, Felix izeneko pertsonaia baten azalean sartu naiz.

- Nor da Felix?

- Publizitate agentzia batean lan egiten duen kreatibo bat da. 'Irabazi'-ren asmoa da konpetentziari buruz hitz egitea. Badirudi gaurko gizartean konpetentzia asko bultzatzen dela. Beti ondokoa baino urrutiago iritsi nahi dugu, gizarteak berak konpetitzen jartzen gaitu, gehiago izan nahi dugu, ondokoarekin konparatzen ibiltzen gara beti, eta iruditu zitzaigun publizitatearen munduak oso ondo islatzen duela hori guztia.

- Zure ofizioa ere ez da txarra lehia hori islatzeko.

- Hala da, bai, eta gure lanari erreferentzia asko egiten zaizkio. Etengabe egiten ditugu denetariko erreferentziak, nahi izan dudalako guztiok barne hartuko gaituzten hainbat eremu ikutu. Publizitate agentziak jartzen du dekoratua, baina hala ere nahiko jeneralista da planteamendua, edonor identifikatua sentitzeko moduko egoerak planteatzen dira.

- Donostiako kaleetan ikus daitezkeen 'Irabazi'-ren karteletan azaltzen den Felix horrek ez du irabazle itxura handirik.

- Kartelak kontraste handia adierazten du, eta horixe da gehien gustatzen zaidana. Hor dago Felix, 2 zenbakia duen kajoi baten gainean, atsekabetuta, eskuan lore zimel batzuk dituela, eta ondoan 'Irabazi', titulu guztiz positiboa... Azkenean hori da kontua: zer da irabaztea? Oso erlatiboa da. Zuretzat izan daiteke gauza bat, niretzat beste bat, eta uste dut 'irabazi'-ren adiera orokor bat egonda ere norberak bilatu behar duela beretzat zer den benetan irabaztea. Askotan galtzea ere irabaztea izan daiteke, porrotetatik asko ikasten baitugu. Eta galtzen baduzu ere guztia dago egiteke. Galdu edo irabazi, arrakastaren bila joaten bagara ere bideak dauka askotan lorpenak baino garrantzi handiagoa.

- Antzezlanen batzuk aurrerapen handiz iragartzen dira, baina 'Irabazi' ia ezustean heldu da Donostiako Antzoki Zaharrera. Sortu ere ezustean sortu al da?

- Nahiko denbora urrian egindako proiektua da, bai. 'Barre librea'-ren [ETB1] lehenengo denboraldia bukatu genuenean, ekainean, Txalokoek esan zidaten monologo baten bila zebiltzala, ea baneukan zerbait. Piszinara botatzea gustatzen zait, ni horrelakoa naiz, eta esan nien baneukala ideia solteren bat... Segituan hasi nintzen buruan neuzkan ideiak lantzen, eta dena nahiko azkar joan bada ere saiatu gara denbora ahalik eta gehien aprobetxatzen.

- Baldintza zorrotzen pean dauden zuzeneko jarduerei eusteko, bereziki egokiak izan daitezke 'Irabazi'-ren tankerako formatu txikiak?

- Ni uste horretakoa naiz, bai, hori da nire teoria. Nahiz eta beraiek egiten duten lanari eta segurtasun neurriei esker antzokiak eta zinema aretoak leku seguruak izan, gaur egun dituzten era guztietako mugekin montaje handiak mugitzea montaje txikiak mugitzea baino zailagoa da. Gure hau oso txikia da, eta iruditzen zait gauzek orain bezala jarraitzen duten bitartean errazago enkajatuko dutela txikiek handiek baino.

- Labetik irten berria bada, idazketa eta ekoizpen prozesua bete-betean harrapatu dute konfinamenduaren oroimenek eta bizi dugun ustezko normaltasun arraro honetako bizipenek. Utzi du egoerak arrastorik funtzioan?

- Bai, noski, etengabe daude egoeraren inguruko erreferentziak. Gauza historiko bat ari gara bizitzen. Ea amaitzen den eta ez zaigun berriz tokatzen horrelakorik bizitzea, baina aurreneko aldiz ari gara pasatzen horrelako esperientzia bat, eta guri eragin digun bezala eragin dio nik sortu dudan pertsonaiari. Aurreko urtean idatzi izan banu, gauza guzti hauek ez lirateke egongo, behar bada ez litzateke berdina izango.

- Gaiari umoretik heldu diozu. Gauzak nola dauden ikusita ez du erraza ematen.

- Honelako kalibreko gertaera batek eragina du sortzaile guztiengan. Umorean are eta gehiago ze, azkenean, umoreak iturri bat dauka, eta hori da drama bera. Dramak eta distantziak, dramak eta denborak, umorea ekartzen dute. Eta nahiz eta orain egoera gogor honetan murgilduta gauden, uste dut badaudela aspektu batzuk umoretik ekiteko eta kontu honi beste ikuspegi batetik begiratzeko.

- Probetxuren bat aterako diogula uste dutenetakoa zara?

- Putada erraldoia izaten ari bada ere, ahal dugun neurririk onenean hartu behar dugu, eta erabili irakaspenak ateratzeko, barnera begiratzeko, elkar hobeto ezagutzeko eta daukagun gizarteari ere bueltatxo bat emateko. Ikusteko ea gauzak ondo egiten ari garen, ea hau den jarraitu behar dugun bidea, edo komeni zaigun aldatzea eta beste bat hartzea. Gogoeta hori oso presente dago obran.

- Krisiak gogorren jo duen sektoreetako bat zuena da. Etenik geratu zen biretako bat, esate baterako, Aitziber Garmendiak eta zerorrek antzezten duzuen 'Losers'-ena izan zen.

- Bai, etengabe gabiltza fetxak udazkenean rekolokatzen, gauzak ondo badoaz berriro martxa hartzeko, baina egoera ez dago batere argi. Hala ere, nik kristoren zortea izan dut. Martxoaren 2an amaitu nuen telesail bat [Telecincoren 'Madres'-en bigarren denboraldia]. Madrilen antzezten ari ginen antzezlan baten azkeneko bederatzi funtzioak galdu genituen, baina zatirik handiena egin ahal izam genuen. Niri gauzak ondo joan zaizkit, baina etengabe akordatzen naiz dena erori zaien eta ezer gabe gelditu diren lagunekin.

- Askorentzat 'Alli abajo'-ko Iñaki izango zara bolada batean, baina azken urteotan antzerkian murgilduta zabiltza, baita autore bezala ere. Bide horretatik jarraitzeko asmoz?

- Beti gustatu izan zait, eta badirudi askok antzerkitik telebistarako edo zinemarako bidea egiten duten bezala niri alderantzizkoa egitea tokatu zaidala. Antzerkian ibilia nintzen, baina dudarik gabe 'Allí abajo' bezalako telesail batek bidea eman dit produktora batzuekin harremanetan jarri eta antzerkia egiteko. Saiatu naiz orain arte eman dizkidaten aukera guztiak aprobetxatzen. Antzerkia oso berezia da, aktoreoi asko gustatzen zaigu publikoaren erantzuna momentuan bertan jasotzea. Zuzenekoak adrenalina ematen digu eta, egia esan, orain arte egin ditudan antzezlanetan oso ondo joan zaizkigu gauzak. Bai, gustatuko litzaidake bide beretik segitzea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Jon Plazaola: «Norberak bilatu behar du beretzat zer den benetan irabaztea»

Jon Plazaola: «Norberak bilatu behar du beretzat zer den benetan irabaztea»