'Nomadak gaitun!' azokaren hurrengo geltokia, Donostia hilaren 18an eta 19an
Dinagu kolektiboaren ekimena Egia auzoko TeilaFabrikan izango da «sormena bizimodu bihurtzeko apustua egiten ari diren 34 emakume sortzaileren» lanak ezagutarazteko
J. A.
Asteazkena, 15 abendua 2021, 12:10
Dinagu kolektiboak antolaturiko 'Nomadak Gaitun! azoka ibiltariaren hurrengo geltokia, ekimena abiatu zenetik hirugarrena, Donostiako Egia auzoko TeilaFabrikan izango da abenduaren 18 eta 19an emakume sortzaileen lanak ezagutarazten jarraitzeko eta sare josten jarraitzeko asmoz. Dinagutik zehaztu dutenez «sormena bizimodu bihurtzeko apustua egiten ari diren 34 emakume sortzaileren» lanak egongo dira aste-bukaeran zehar. Besteak beste, moda, ilustrazioa, bitxigintza, eta dekorazioaren esparruko proiektuak dira.
Ildo horretan, kolektiboak iazko Gabonetan hasitako #nikbertakoaoparitzendut ekimenarekin jarraituko du, «aurten ere modu kontzientean erosteko» deia eginez. «Proiektu hauek guztiek behar duten hauspoa izateko eskatu nahi zaie herritarrei, guztion artean kontsumo eredu berri baten alde egiteko», azaldu dute.
Lehenengo aldiz, bi egunetako formatua izango du Nomadak Gaitun! azokak: larunbatean (11.00-14.30 eta 16.30-20.30 ) eta igandean (11.00-18.30) egun osoz.
Noticia Relacionada
Emakume sortzaileen lana ikustarazteko azoka ibiltaria
Dinagu Emakume Sortzaileen Kolektiboak pasa den uztailean 'Nomadak Gaitun!' ekimena herriz herri eraman zuen sarea josi eta emakume sortzaileei ikusgarritasuna emateko. Aurkezpena Lasarten egin zuten Koöl Studioan eta ostean Azpeitia abiapuntu izanda Euskal Herriko txoko ezberdinetan ibili da azoka ibiltaria.
Kolektiboa duela hiru urte sortu zuten Euskal Herriko emakume sortzaileen topaleku bezala eta emakume sortzaileen lana ikusarazteko. Elkarlanean eta ahizpatasunetik egiten dute lan «elkarturik gehiago garelako. Indibidualismoaren aro honetan, ondokoa konpetentzia dela sinestarazi digute. Horrekin hautsi eta elkarren bidelagun izan gaitezkeela uste dugu».