Emakume sortzaileen lana ikustarazteko azoka ibiltaria
Dinagu kolektiboak 'Nomadak Gaitun!' ekimena herriz herri eramango dute sare josi eta sortzaileei ikusgarritasuna emateko
dv
Donostia
Astelehena, 28 ekaina 2021
Bihar asteartea 18:30ean Lasarteko Koöl Studioan izango da 'Nomadak Gaitun!' azoka ibiltariaren aurkezpena. Musika eta mokadutxo batekin Azpeitian ospatuko den azokan parte hartuko duten sortzaileen zenbait lan ikusteko aukera izango da aurrerapen gisa. Izan ere horixe izango da plaza ibiltariaren lehen geltokia uztailaren 18an eta ostean, Euskal Herriko txoko ezberdinetara helduko da emakume sortzaileei ikusgarritasuna emateko.
Azoka 10.30ean irekiko da eta sortzaileen lanak bertan izango dira ikusgai arratsaldeko 18.30ak arte. Amaieran, 19.30etan Ameba musika-talde usurbildarraren kontzertua izango da San Agustin Kulturgunean. Sarrerak jada salgai daude 6 eurotan www.kulturaz.eus webgunean.
Plaza ibiltaria izango da «sakabanaturik» dauden sortzaileen arteko «sarea josi eta mugimendu oso bat bideratzeko asmoz». Partaideen proiektuak «pertsonalak» dira, «txikiak, jasangarriak eta bertakoak». Era berean, kontsumitzaileen kontzientzian eragin nahi dute bertako produktuen aldeko apustua egiteko eta sormena era eskulana balorean jarri nahi dituzte.
Antolatzaileek zehaztu dutenaren arabera ekimen honetan bereziki «proiektu pertsonalak profesionalizatzeko bidean dauden sortzaileei bultzada eman nahi die ahalduntzea eta elkarlana ardatz hartuz».
Dinagu kolektiboa duela hiru urte sortu zuten Euskal Herriko emakume sortzaileen topaleku bezala eta emakume sortzaileen lana bisibilizatzeko. Elkarlanean eta ahizpatasunetik egiten dute lan «elkarturik gehiago garelako. Indibidualismoaren aro honetan, ondokoa konpetentzia dela sinestarazi digute. Horrekin hautsi eta elkarren bidelagun izan gaitezkeela uste dugu».