Silboberri izango da Musikagileak Zirkuituko protagonista
Txistuz, eskusoinuz eta perkusioz osatutako hirukoteak 6 obra joko ditu, batez ere euskal musikagileenak
Astelehena, 16 urtarrila 2023, 12:31
Silboberri taldea izango da XIII. Musikagileak Zirkuituko programazioaren protagonista. Txistu, akordeoi eta perkusio formazio batekin, Durangoko talde honek Euskal Herriko eta Espainiako sei egileren lanak aurkeztuko ditu. Kontzertua 19:30ean hasiko da eta sarrera doakoa da lekua bete arte. Instrumentu horien konbinazioetarako 6 obra joko dituzte, batez ere euskal musikagileenak, baina baita espainiar egileenak ere.
Durangon egoitza duen Silboberri Txistu Elkartea 2000. urtean sortu zen Bizkaian txistuaren errepertorioa gaurkotu eta berritzeko helburuarekin. Instrumentu horretako irakasle, ikasle eta zaleek osatzen dute, eta txistu garaikidearen sena areagotzeko lanean ari da. Errepertorioa hedatzeaz gain, berria sortzen du eta instrumentuaren ikerketa eta garapen organologikoan laguntzen du. Silboberri ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B) adierazlea da euskal kulturaren zenbait arlotan: argitaragabeko errepertorioak berreskuratzen, lehiaketak antolatu eta lanak argitaratzen, enkarguei lotutako musika berria sortu eta haren interpretazio bikaina bideratzen, eta konpositoreek imajinatutako musikari ekiteko instrumentu ereduak lortzeko lan egiten, abangoardiako musikaren jardunbidean barrena ari diren Silboberriko txistularien interpretazio-gaitasunari esker.
Interpretatzen duten errepertorioa hirukoterako obrak, duoak eta partitura bakarlariak osatzen dute, txistua beste instrumentu batzuekin nahasten delarik. Musikagileak Zirkuituko kontzertu honetan, Aitor Amilibia txistulariarekin batera, Josean Hontoria soinujolea eta Gorka Sáez de Alda perkusionista arituko dira.
Félix Ibarrondo eta David Cantalejo
Emanaldia Félix Ibarrondo oñatiar musikagilearen Coup d'eclair lanarekin hasiko du, Silboberrik harreman estua izan baitu azken urteotan Ibarrondorekin. Baita ere Carlos Villasolekin, eta horren ondorioz txistu, danbolin eta perkusiorako Cuatro glosas sobre un canto de pájaro bere lana joko du taldeak. Kontzertuaren lehenengo erdia Euskal Herriko mugetatik kanpo idatzitako txistu musikaren erakustaldi batekin amaituko da, Mercedes Zavala madrildar konpositorearen Bizpahiru ezbai txistu eta akordeoirako piezarekin.
Bigarren zatia David Cantalejoren Lamiak I lanarekin hasiko da; azken hamarkadan txisturako musikagilerik oparoenetarikoa izan da Cantalejo. Durangoko taldeak txistu, akordeoi eta perkusio hirukotea osorik erabiltzen dituen bi lanekin amaituko du bere emanaldia: lehenik eta behin, LICH, Yolanda Campos konpositore nafarrarena, eta, ondoren, Zuria III, José María Sánchez-Verdúrena, ziur aski gaur egun nazioartean oihartzun handiena duen konpositore espainiarra.
Bilboko Arriaga Kontserbatorioan eskaintza otsailaren 12an amaituko da. Aurretik hiru kontzertu geratzen dira aurretik, lehena bihar, urtarrilaren 17an, Silboberri taldearen eskutik.