Sara Azurzak 'Hemen berriro' aurkeztuko du ostiral honetan Lugaritz Kultur Etxean
Abeslari donostiarrarekin batera taulan izango dira Iker Lauroba, Julen Barandiaran 'Txiki' eta Haritz Lauroba
Sara Azurza donostiarrak 'Hemen berriro' (Zart kolektiboa) izeneko lehen diskoa kaleratu zuen pasa den astean, musika munduan hasieran emandako lehen urrats «lotsatiagoen» ostean bere buruari abeslaria dela demostratzeko balio izan diona, eta aurkezpen kontzertua etxean joko du gaur, Lugaritz Kultur Etxeko Imanol Larzabal aretoan, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Abeslari donostiarrarekin batera taulan izango dira Iker Lauroba, Julen Barandiaran 'Txiki' eta Haritz Lauroba, abestiak sortzeko prozesuan eta gerora hauek estudioan grabatzerakoan bidaide izan dituen kideak.
Idatzitako momentuarengatik abestietan garapena nabaritzen da. Izan ere, bederatzi kantuetatik lehena 2017an. Bata bestearekiko antzekotasunak badituzte ere, ezberdinak dira, pop-souletik hasita kutsu elektronikoagoa dutenetaraino. Sei euskaraz dira, bi ingelesez aspaldian idatziak eta bat frantsesez, Frantzian eta Kanadan bizitako boladari keinu modura. Hala, abestiei identitatea ematen dien elementua, unifikatzen dituen tresna, Azurzaren ahotsa da.
Kontzertua
-
Kartela: Sara Azurza.
-
Lekua: Lugaritz K.E.
-
Eguna eta ordua: Otsailak 10, 19:30ean.
-
Sarrerak: 10 euro.
'Hemen berriro' diskoko kantuetan zehar, bereziki azken urteetan sortutakoetan, Erresuma Batuko abeslari emakumeen eragina nabaria da, besteak beste Adele eta Amy Winehousena, baina baita Joy Crookes, Cleo Sol, Arlo Parks, Jorja Smith, Lianne La Havas edo ENNY bezalako artistena.