Pop-rocka eta euskara nagusi Musika Bulegoa Sarietako hautagaitzetan
2023ko ekimenean 120 hautagaitza jaso dira eta zortzi adituk osatutako epaimahaiak emango ditu sariak
J. A.
Asteartea, 14 otsaila 2023, 15:32
Musika Bulegoa Sarietako 2023ko ekimenak 120 hautagai jaso ditu besteak beste argitaratutako disko, single edo bideoklipak, zuzeneko obrak, idatzizko obra musikalak edota soinu bandak. Antolakuntzatik nabarmendu dutenez «orotarikoak, aniztasunaren erakusgarri». Gehienak, %30 inguru, pop-rock estilokoak dira, baina klasiko garaikidekoak, folka, jazza edo musika elektronikoa lantzen duten dozenaka proiektu ere badira. «Azken urteetan bezala, estiloen arteko fusioak areagotzen ari dira», azaldu dute. Horretaz gain, %70a euskaraz dira, instrumentalak %11 eta gaztelaniazkoak %10.
Musika Bulegoaren 7. edizioko sariak maiatzaren 16an banatuko dira Errenteriako Lekuona Fabrikan egingo den ekitaldian eta aurkeztutakoen artean adituek osatutako epaimahaiak zortzi sari banatuko ditu «inolako mailaketarik egin gabe». Horretaz gain, Etxepare Euskal Institutuak euskal musika nazioartean zabaltzeko egindako lana aintzatetsiz beste sari bat banatuko du, 2.000 euro eta Fernando Mikelarenaren eskultura, eta antolakuntzak, aldiz, ohorezko saria emango du musika-jarduerarekin zerikusia duen pertsona, talde era erakundearen ibilbidea aitortzeko. Azken honetan formazio-, sentsibilizazio-, hedapen- edo ekoizpen-esparruetan nabarmendutako proiektu bat garatzea balioetsiko da.
Epaimahaia musikagintzan adituak diren zortzi pertsonek osatuko dute: Agus Barandiaran, Korrontzi taldeko trikitilariak, Gabriel Erkoresa, konpositore eta Musikeneko irakaslean; Gema Sanchez, AIEnRUTako koordinatzaileak; Iker Barbara, Zarata Mondo Sonoro aldizkariko arduradunak, Maite Larburu, biolin jotzaile eta kantautoreak; Maria Taosa Radio3ko kazetariak; Mark Barnes, Eresbuleko dokumentazio eta partitura arduradunak eta Sonia Duran, Unión Fotográfica Independiente elkarteko gerenteak