Nikotinak bigarren diskoko singlea aurkeztu du
Rapero tolosarrak 2016an abiatu zuen ibilbide musikala eta lehen lana, 'Nirbana', 2018an kaleratu zuen
J. AGIRRE
Astelehena, 16 urtarrila 2023, 16:02
Urtea hastearekin batera single berria aurkeztu du 'Nikotina'-k, Boom Fire Boom Dance izenekoa. Lan berria izango denaren aurkezpena da eta artista tolosarraren arabera «musika munduan sartu nintzenetik gaur arte bizitako esperientzia eta sentimenduak azalerazten ditu». Gainera, bere hitzetan, «proiektuaren parte diren guztientzako opari bat da, bai taldekideak eta baita entzuleak».
Nikotinak, Jon Tolosa Belzak, 2016an abiatu zuen ibilbide musikala. Txikitatik rap-a egiten hasi zen eta urteak pasa ahala «reggaea eta dancehall pixkanaka gehituz» bere erregistroa zabaldu zuen. Hala, 2018a urte mugarria izan zen, lan askoren ostean bere lehen maketa kaleratu baitzuen 'Nikotina' izenarekin. Irungo Stepi Selektah-k grabatu eta masterizatuta zituen. Bertan zazpi abesti aurkeztu zituen, horietako bi Monsieur Le Crepe eta Keif artisten kolaborazioarekin.
'Nikotina'
1 My Friend
2 Lehenengo Egunetik
3 Egia bilatzen
4 Ez gea jaio eoteko zai
5 Unity
6 Originality (Remix)
7 Olatuarten
Diskoa kaleratu eta denbora gutxira Ziribulio Sound taldearekin kontzertuak eskaintzen hasi zen Euskal Herriko areto, gaztetxe eta plaza askotan. Bira horretan gainera, taldekide eta lagun dituen Juantxo, Keif, Martin, Stepi eta beste askorekin lehen eskutik ikasteko aukera izan zuen.
'Nirbana'
1 Zenbat?
2 Eztet besterik eskatzen
3 Kondorraren hegaldia
4 Zu eta ni
5 Aldatzen
6 Egia ezkutatzen da
7 Dardara bat
8 Madness
Hiru urte beranduago, 2021ean, aurkeztu zuen 'Nirbana' izeneko bere lehen diskoa. Zortzi kantuz osatua, zenbaitetan bizipen pertsonaletatik abiatuz jorratu zituen gizarteko gaiak, baina baita «askatasun» desiraz edota bizitzako etapez eta beldurrez. Lehen maketaren biran izandako estilo nahasketaren eragina ere bistakoa da, «biziagoa» Nikotinak berak esan zuen bezala.