Bigarren 'bizitza' bat Peneloperentzat
Miren Izak (Tulsa) Verde Pratoren laguntza izan du 'Yo no soy Penélope' kantuaren euskarazko bertsioa aurkezteko
Astebete besterik ez da geratzen Tulsa taldeak Bartzelonan eskainiko duen kontzerturako eta ordu arteko hutsunea betetzeko plazaratu dute 'Yo no soy Penélope' kantuaren bertsioa. Berau Tulsaren seigarren diskoko, 'Este Éxtasis' deiturikoaren abestia da. Hartarako Verde Pratoren laguntza izan du, besteak beste ahotsa Ana Arsuagak jarri du eta.
Izak berak azaldu duenez Verde Prato kontzertuan lehen aldiz Berlin kafetegian ikusi zuen eta «arasarik gabe» geratu zen. «Ana magnetikoa zen, misteriotsua, helezina, ahots garbi eta mistikoa, izaki mitologiko bat bezalakoa, Penelope bezalakoa!». Ordutik luzatu zuen elkarlanean aritzeko gonbidapena eta urtebete geroago heldu da bi artistak batzen dituen bertsioa. «Kantu horrek poz handia eman digu 'Ese Éxtasis' biran, eta badakigu jende askok ospatu duela, eta, beraz, plazer handia izan da ordezko bizitza bat ematea, orain euskaraz«, adierazi du.
Guitar BCN topaketaren baitan izango da Apolo 2 salako oholtzan eta han aurkeztu berri duen abestia zein ibilbide oparoan zehar aurrez grabatutako bost diskoen abestiak eskainiko ditu. Bidaide izango ditu Clara Collantes, Mariana Mott, eta Javi Carrasco (Betacam), laukote elektriko bakar batean, zintzotasunez eta emozioz beteriko munduan murgiltzera ausartzen diren guztiak liluratuko dituena», aurreratu dutenez.
Miren Izak 2006an abiatu zuen proiektua 'Sólo me has rozado' lanarekin. Aurrez Iza zenbait taldetan aritua zen eta azkenik Madrilen amaitu zuen. Han hasi zen entseatzen Alfredo Niharra gitarristarekin, lehenik beste taldeen bertsioak, eta lehen lana 2007an aurkeztu zuten Miguel Guzmán (gitarra), Alberto Rodrigo (baxua), Gabriel Marijuán (bateria) eta Charlie Bautista (teklatuak) kideekin batera.