Jabier Muguruza: «Kantaren zukua atera behar duzu bertsioa zure eremura eramateko»
Cantante y compositor ·
Besteak beste, Ordorika, Laboa, Lete, Negu Gorriak eta Imanolen kantak moldatu ditu irundarrakKataluniako Barnasants Festibalak 25. urteurrena ospatuko du 2020an. Hori dela eta, hainbat enkargu egin die zenbait artistari, besteak beste, Jabier Muguruzari (Irun, 1960), urte askotako erlazioa duelako musikariarekin. «Proposatu zidaten Euskal Herriko kantagintzari errepaso bat ematea eta proiektuan Bernardo Atxaga egotea», gogoratu du. Emaitza 'Geltokiak izarretara' da, 15 bertsio, Atxagaren testu bat eta Pedro Balmasedaren ilustrazioak dituen disko-liburu dotorea. Pianoa eta organoa jotzeaz gain, Mikel Azpirozek ekoitzi du oso anitza den lana: besteak beste, jazz, pop, rock eta blues estiloak entzungai daude. Jean Mary Ecayk (gitarrak), Mikel Artiedak (baxua) eta David Gomezek (bateria) ere hartu dute parte.
- Nola heldu zenion proiektuari?
- Hautaketa egitea eromena izan zen, oso zaila. Derrigorrean mugak jarri behar nituenez, 80ko eta 90eko hamarkadetako kantak aukeratu nituen gehienbat, nire bizitzan zehar bereziak izan direnak. Nire geografia afektiboarekin lotura duten abestiak direla esaten aritu naiz egunotan, baina zenbait artistaren erreibindikazio puntu bat ere badago.
- Ba al dago kanta guztiak lotzen dituen haririk?
- Denak izan behar ziren nik kantatu ditzakedan abestiak. Kantari gisa nire mugak eta nire bertuteak ezagutzen ditut. Esaterako, ez daukat Imanolek zeukan ahots-zurrusta. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta ildo horretan, hor egon da galbahe bat. Suzanne Vegak esan ohi duenez, istorio txikiak kontatzeko ahots txikia dut. Nire ahotsa mugatua da, ez du balio erakustaldirik egiteko eta intimismoaren eremu horretan mugitu behar naiz derrigorrean.
- Oztopo berezirik aurkitu al duzu?
- Jackson Browneren eta Leonard Cohenen omenaldietarako bertsioak egitean ez nuen arazo handirik izan. Oraingo honetan, berriz, lan asko egin behar izan dut, ez dakit euskaraz zirelako ala oso barruan nituelako, baina abesti hauek nire eremura eramatea kostatu zait kantaera aldetik. Halako barne-joera batek kanta bakoitza bere horretan errepikatzera eramaten ninduen...
- Lou Topet taldeak 'Abesti bat gutxiago' bertsio-diskoa kaleratu zuenean, Harkaitz Canok eta Oier Aranzabalek esan zuten: «Bertsio bat egitea ez da kopiatzea, ezta kalkatzea ere, jada existitzen den etxe bat okupatzea baizik».
- Gauza bera errepikatzeak ez du zentzurik, zerbait propioa egin behar duzu, bestela… Kantaren mamia eta zukua ateratzen saiatu behar duzu, bertsioa zure eremura eramateko. Laboaren 'Antzinako bihotz', esaterako, oso ezberdin egin dugu.
- Eta Anariren '(H)erra kanta' bolero bihurtu duzue kasik; Benito Lertxundiren 'Oi lur, oi lur' ereserkiari solemnitatea kendu diozue...
- Antza denez, gustura gelditu dira bertsioekin; horrela jakinarazi didate. Garik esan zidan gustatu zaiola gure 'Zaharra zara, Bilbo'.
«Nire ahotsa mugatua da eta intimismoaren eremu horretan mugitu behar naiz derrigorrean»
-'Gaztelugatxe' (Oskorri), 'Kantu eroa' (JC Perez), 'Berreziketaren zailtasunari buruz' (Ruper), 'Badira hiru aste' (Mikel Urdangarin)… Horiek ere egokitu dituzu. Baimena eskatu zenien egileei?
- Baimena ez, baina jakinarazi egin nien. Oso protokolozalea naiz eta dei egin edo idatzi nien jakinaren gainean egoteko. Denek oso ondo hartu zuten proposamena eta esan bezala, jaso ditudan erantzunak oso baikorrak izan dira. Bizpahiru kasutan, baina, ez dut erantzunik jaso. Beraz, pentsatzen dut haien iritzia ez dela hain baikorra izango.
- Agian ez dute denborarik izan kantak entzuteko.
- Baliteke. Nahiago dut hori pentsatu. (Barreak)
- Zure kantutegitik 'Masizi Okeita Denbelek' aukeratu duzu.
- Bai, lotsa ematen zidan nire kanta bat sartzeak eta kontsulta batzuk egin nituen egokia zen ala ez jakin nahian. Jende guztiak aho batez baietz esan zidanez, aurrera egin nuen, eta abestia beste leku batera eraman genuen. Asko gustatzen zait nola gelditu den, kanta kuttuna da niretzat eta kontzertuetan ere jotzen jarraitzen dut: baten batek komentatu dit euskal kantutegiaren klasiko bat dela. Dena den, kritika ez hain onak ere entzun ditut 'Masizi'-ren harira. Esan didate bertsio ederra dela baina jatorrizkoaren aldean intimismo apur bat galdu duela. Errespetatu behar dira iritzi guztiak, batez ere abesti hori maite duen jendearengandik baldin badatoz.
- Imanolen 'Ilun-ikarak' kantan Miren Narbaizak zurekin abestu du: bere ahotsak Euskal Herriko kantari klasiko batena dirudi…
- Bai, uste dut Mirenek oso ausarta izan dela, asko gustatzen zait nola abestu duen. Kanta hori berarekin eta Ander Mujika gitarristarekin egin nuen Imanoli Donostian antolatu zioten omenaldian. Ni Imanolen soinu-jotzailea izan nintzen eta harreman estua eduki genuen. Bere figura aldarrikatu nahi izan dut, oso ondo iruditzen zaidalako Adarra Saria beste zenbaiti ematea, baina Imanolek ere merezi du. Herri honetan arbitrario samarrak izan gara eta izaten jarraitzen dugu.
- Beste zenbait aldarrikapen egin dituzu: Iñaki Eizmendi ('Zu eta zugan' ), Amaia Zubiria ('Estigma beltza'), Niko Etxart ('Krokodil')…
- Bai, Iñakiren kanta ez du jende askok ezagutuko baina garai batean oso garrantzitsua izan zen niretzat. Oso oihartzun gutxi izan zuen kantari gisa eta pentsatzen dut hori izan zela musika uzteko arrazoietako bat. Nolabait, Amaia ere aldarrikatu dut, iruditzen zaidalako bazterrean utzi dugula, eta Niko ere ez dakit hainbeste ezagutzen dugun…
- Iñigo Muguruza anaia zenari eskaini diozue diskoa eta Negu Gorriak-en 'Hemen izango bazina' kanta egokitu duzue…
- Ekainean grabatu genuen baina Iñigok ez zuen entzuteko betarik izan. Irailean hil zen eta orain beste zentzu bat hartu du kantak.
- Imajinatzen dut ez dela xamurra izango zuzenean kantatzea, nahiz eta bertsioa oso freskoa izan: Iñigoren gitarra zorrotzaren ordez, 'groove' kutsakorra eta reggae erritmoak sartu dituzue…
- Gogorra da, bai. Lehengoan Travelling Brothers taldearekin egin nuen saioa Iñigori eskaini genien eta bat-batean halako zirrara batek harrapatu ninduen. Ez nuen espero baina eragin zidan. Buelta eman nion baina denbora gutxi pasatu da eta kontu delikatua da. Hala eta guztiz ere, saiatuko gara zuzenekoetan disko guztia jotzen.
«Kantagintza konplikatzen ari da; neke puntu bat sumatzen dut»
- 'Izarren hautsa' ez da Laboaren bertsioa, baizik eta Leterena.
- Testua Xabier Letek idatzi zuen eta Laboak musika jarri zion, baina Antton Valverdek ere doinu bat sortu zuen Xabierrentzat, hark ere abestu zezan. Urtetan Xabierren soinu-jotzailea ere izan nintzen eta keinu hori egin nahi nion berari ere. Laboaren bertsioa ezagunagoa da, baina nik Leterena aldarrikatu nahi nuen ederra delako eta emanaldietan beti kantatzen zuelako: oso berezia izaten zen une hori niretzako.
- 'Leiho bat zabalik' (2017) aurreko diskoan soinu «ez hain atsegina» bilatu omen zenuen… Oraingoan, berriz, berreskuratu duzu hain propioa duzun soinu hori…
- Ados nago zurekin, baina zenbait unetan, batez ere Jean Marie Ecayren gitarra aldetik, garraztasun horri eusten saiatu naiz eta distortsioa ere badago. Ez nuen nahi dena oso goxo joatea, giro orokorra goxoagoa bada ere. Zergatik? Bandara egokitu naizelako. Erdi brometan esan dut nire ametsetako banda osatu dugula eta horrek ere baldintzatu egiten zaitu.
- Etorkizunari begira jarrita, zein da zure asmoa? Ba al duzu proiektu berririk miran?
- Hau da niretzat galdera zailena. Alde batetik, dolu betean nago. Nire bizitzan gauza gogorrak gertatu zaizkit baina hau (Iñigo anaiaren heriotza) da latzena alde handiz. Horregatik zaila egiten zait etorkizunari begira jartzea. Bestetik, kantagintza, guk ulertu dugun moduan, asko ari da konplikatzen. Aldaketa hain da basatia… Disko hau oso kritika onak izaten ari da, baina non entzuten ari da? Nik ez dut inon entzun. Zenbat salduko da? Neke puntu bat sumatzen dut.
- Musika uzteko tentaziorik izan duzu?
- Agian beste modu batean jarraituko dut kantautore gisa eta haurrei zuzendutako lanei lehentasuna emango diet. Umeentzako munduak beti erakarri nau eta musikan zein literaturan haientzat egindako lanak ditut. Halere, Bernardo Atxagarekin ondutako 'Harriaren hiztegia' (2016) etsigarria izan zen: lan itzela egin genuen baina oihartzun eskasa izan zuen. Egoera zaila da sormenaren fronte guztietan.