Kerobia taldeak adimen artifizialarekin egin du bideoklip berria
'Gora bizitza' izeneko kantuaren irudia Iñigo Chalezquerrek egin du eta %100ean baliatu du IA
Kerobia taldeak 'Gora bizitza (eta esplorazioko beste zenbait aurrebaldintza)' singlea kaleratu berri du, iaz aurkeztutako 'Hilak' diskoaren ostean garatutako lan berriaren lehenbiziko aurrerapen kantua, eta bideoklipa sortzeko Inteligentzia Artifiziala baliatu du «proba» eta «jolas» modura.
Iñigo Chalezquer da kliparen egilea eta Kerobiako kideek metodoa baliatu dute zenbait galdera planteatzeko, teknologia berriaren kuriositate hutsak bultzatuta. «Esaten dute ezer ez dela txarra, nola erabiltzen den dela gakoa. Guk uste dugu hori zentzugabea dela. Gauza batzuk hobe da ez erabiltzea (armak, pribilegioak, artsenikoa...). IAri buruz oraindik ez dakigu ezer. Arrakala egin, gaiztoek hormak zimendatu baino lehen. Gero, erresistentzia eta eraldaketa estrategia aldatuko dugu», dio taldeak.
Horien inguruko hausnarketa egin du taldeak, eta gai horren inguruan «esploratzea emozionantea» izan dela diote. «Magia pixka bat hozteko gure buruari esan diogu: gogoeta egin dezagun sormenari buruz garai berri hauetan, ez gaitezen erori teknika progresuaren miresmen hutsean. Horrek ez du baliorik» aitortu du Kerobiak.
Lehenik Gaztea irratian aurreratu zuten eta jada entzungai dago plataforma nagusietan zein sare sozialetan.
Bigarren aroko bigarren lana
Kerobia taldeak 2003an kaleratu zuen lehen maketa eta Gaztea Maketa lehiaketa irabazi zuen. Ostean sei disko argitaratu ditu: Kerobia (2004), Rose Escargot (2006), Materia organikoa eta gainerakoak (2008), Papera eta kartoia (2009), Ontziak (2010) eta Supernova (2012).
2014ko uztailaren 16an bere ibilbideari amaiera ematea erabaki zuen taldeak, baina 20. urteurrena ospatzeko eskainitako kontzertuaren ostean taldeari berrekiteko erabakiaren berri eman zuten. Zaleentzako sekulako ezustekoa izan zen eta olatuari segida eman zioten 'Hilak' diskoarekin. Ostean, gainera, aurkezpen bira egin zuten.