Ordu eta erdi Gariren maisulanez gozatzeko
Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean emanaldia eskainiko du
I. M
Asteazkena, 19 apirila 2023, 16:07
Ostiral honetan, apirilak 21, Garik Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean emanaldia eskainiko du 'Gari & Maldanbera. Zuzenean' aurkezteko eta errepertorio ezagunenaren errepasoa egiteko. Ordu eta erdiz, gutxi gorabehera, Gariren abesti ezagunenez gozatuko dute bertaratzen direnek. Horien artean, besteak beste, 'Amets', 'Esperantzara kondenatua', 'Amapola', 'Eguzki Berritan Zaude', edo 'Zaharra Zara Bilbo'.
Azken diskoa aurkezteko zuzenekoetan ez da bakarrik izango oholtzan, Garirekin batera egongo baitira Maldanbera taldeko kideak. Hau da, Alex Alonso (bateria eta programazioak), Oier Aldekoa (baxua, teklatua eta ahotsak) eta Miguel Moyano (gitarra, teklatua, programazioak eta ahotsak) izango ditu bidaide.
Zuzeneko diskoa azken hiru hamarkadetako ibilbidea isla da eta, Garik berak azaldu zuenez, bere «buruarekin eta ahotsarekin bakean» geratzeko modu bat izan zen, baita urte horietan alboan izan dituenak omentzeko. Bilbon, Bergaran, Lazkaon eta Algortan Gari & Maldanberan taldeak eskainitako zuzenekoetan oinarritua dago eta guztiak 'Amets' kantarekin abiatu ziren.
Ziper taldean abiatu zuen musika ibilbidea eta 1983tik Hertzainak taldeko ahots nagusia izan zen 10 urtez. Honen agurrarekin bakarkako bideari ekin zion bi urteko atsedenaren ostean eta urteotan estudioko lau eta zuzeneko lan bat kaleratu ditu.