EP berria eta berau aurkezteko kontzertua jakinarazi ditu Nøgen taldeak
Talde bezala haien burua ezagutzen lagundu zieten lau abesti bildu dituzte 'Galdu baino lehen' albumean eta azaroaren 16an Guardetxean aurkeztuko dute
Urteurrenak zita seinalatuak izan ohi dira eta 2025a ez da atzean geratzen ari Nøgen taldearentzat. Hamar urteko ibilbidea bete dute musikan, hirugarren diskoa izan den Åben Cirkel-en (Balaunka) bira oparoarekin -tartean Aste Nagusian Saguesen eskainitako omenaldia-, Kursaalean emango duten kontzertuan publikoaren erantzuna ederra izan da eta, dena biribiltzeko, 'Galdu baino lehen' EPa kaleratu dute. «Urteak pasa dira kantuok jotzen genituenetik; ahanzturarekin dantzan zebilen baten bat. Nolabait gorde nahi izan ditugu gure motxilan, goazen lekura goazela, nondik gatozen oroitzeko, inoiz Galdu Baino Lehen», diote.
Sareetan zein prentsa-oharrean zabaldutako mezuan diotenez, betidanik miretsi dituzten taldeen doinuak letra berriz hornitu dituzte, euskaraz. «Talde bezala gure burua ezagutzen lagundu ziguten abestiak berreskuratu eta grabatzeko Mecca Recording Studion (Oiartzun) batu ginen Nacho Mur handiaren babespean».
Grabaketa pasa den irailaren 20an egin zuten eta hautatutako abestiak 'Kantu zahar bat', 'Gure lekua(n), 'Hamaika kanta' eta 'Etxerik ez balego' izan dira, denak jada entzungai plataforma digital nagusietan. Horretaz gain, bakoitzak bideo bat du lagungarri. «Soiltasunak ekartzen duen dotoretasun hurbil horrekin aurkeztu nahi izan dugu», diote.
Pausoa ez da ausazkoa. Zaleentzako opari pozgarria bai, duela gutxi YouTuben eskegin zuten Aste Nagusiko kontzertu osoa bezala. Orain izan da EPa eta hurrena ere iragarri dute, taldeak diskoa azaroaren 16an Donostiako Guardetxean aurkeztuko baitu «jendaurrean, grabaketan arnasten den gertutasunera hurbilduz».