Borrar
Idazlea, etxean, liburuz inguratutako irakurle bilakatuta. MICHELENA
«Memoriarik gabe gelditu den pertsonaren inguruan solidaritatea sortzen da»

«Memoriarik gabe gelditu den pertsonaren inguruan solidaritatea sortzen da»

Anjel Lertxundik azaroan atera zuen 'Horma' eleberria, eta aste honetan eman dizkio azken ukituak gaztelaniazko itzulpenari

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Sábado, 17 de febrero 2018, 12:25

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Iazko azaroan 'Horma' nobela plazaratu zuen Anjel Lertxundik (Orio, 1948). Protagonista nagusia Fidel da, lanbidez itzultzailea, eta ama alzheimerrak jota daukana. Eta 2015ean, berriz, 'Zu' atera zuen, oinarrian bere emaztearen minbizi-prozesua zeukana. Elkarrizketa idazlearen etxean egin dugu. Pareta batean eskegita dagoen argazki bati begira, jakin dugu Anjel eta Mari Karmenen iloba eskalatzaile batek Zu izenarekin bataiatu duela Turkiako mendi batean zabaldutako bidea. Ilusio handia egin dio Lertxundiren emazteari.

– 'Zu' nobelak oihartzun handia izan zuen gizartean. Liburu horrekin zenbateraino iritsi zinen irakurle ezohiko batengana?

– Orain Aingeru Epaltzaren 'Mendi-joak' liburua datorkit gogora. Italiako ipar aldean oso garatua dago mendi giroko fikziozko nobela. Epaltzaren liburua, bere ohiko irakurleek ez ezik, mendizale batzuek ere irakurriko zuten. Beste hainbeste gertatzen da, nik uste, 'gaixotasunaren literaturarekin'.

– Gaztelaniazko 'Tú'-k euskarazko jatorrizko bertsioak baino irakurle gehiago izan al ditu?

– Arrastorik ez dut, baina uste dut ezetz.

– Zer gauza! Euskal idazleen lan on batzuk gaztelaniara itzultzen dira, baina gero apenas duten harrera berorik.

– Hor badago horma bat. Euskaldun bat Donostian eta San Sebastiánen bizi da, baina San Sebastiáneko erdalduna ez da Donostian bizi.

– Azkenean Jorge Gimenezek nola itzuli du gaztelaniara zure 'Horma' izenburua?

– Ezin hitz bakar batekin jokatu, badakizu hitz horrek bi adiera dituela. Atzo egun osoa eman nuen lanean Jorgerekin, itzulpena errepasatzen. Azkenean, uste dut 'Ese muro de hielo' izango dela.

– Zuri egindako beste elkarrizketa bateko izenburua: «Nobela batek beti dauka atzean beste nobela bat». Hitz egin dezagun horretaz.

– Liburu bat, bere baitan, bada idazkuntzaren abentura ere. Alegia, nola sortzen den, zer atzerabueltak izaten diren, behin hasiz gero zergatik abandonatzen den bide bat, beste bat hartzeko. Inoiz kontatu dut: 'Argizariaren egunak' idazten ari nintzela, istorio hark ez ninduen betetzen. Iruditzen zitzaidan kontatuta zegoela, konbentzionala zela... Krisia sortzen zait eta orduan zer egiten dut?; desdoblatzen dut pertsonaia eta krisi hori kontatzen hasten naiz. Halaxe, azkenean bi istorio kontatzen dira, neurri batean.

– Kontatu 'Horma' liburuaren ernamuina, genesia zein izan zen.

– Aspalditik nerabilen kontu bat buruan: halako batean, konturatzen gara gure lagun handi bat, liburu-dendaria, burua galtzen ari dela. Pentsatu nuen esperientzia hori kontatu egin behar nuela liburu batean, baina laster konturatu nintzen hori ezinezkoa zela, garbi zegoen ezingo zuela gaixoaren perspektibatik kontatu, baizik eta beste batzuen ikuspegitik. Seguru alzheimerra daukan pertsonaren buruan gertatzen den kaos hori badagoela kontatzea, baina nik behintzat zaila ikusten nuen. Beste gauza bat: istorioak animalien perspektibatik kontatu izan direnean, beti gizakion perspektibatik kontatu izan dira.

– 'Horma'-ko ardatza memoria da.

– Azkenean, memoria da literaturaren ardatza. Idazleak bere esperientziarekin jokatzen du, bere memoriarekin. Ez dut esan nahi beti bere kontuez ari dela, baina memoria beti dago presente, eta memoria horren ondorioz ikusten dituzu gauza modu batera edo bestera. Descartesek esaten duenean «Cogito ergo sum», «Pentsatzen dut, beraz, banaiz», nago ez ote den zuzenagoa «Oroitzen dut, beraz, banaiz». Eta oroimena galtzen dudanean, orduan ez naiz? Pentsatzeko ahalmen guztia galtzen dudanean, orduan ez naiz? Baina hortxe dago, hain zuzen, gizakiaren misterioaren edertasuna, zeren memoriarik eta pentsamendurik gabe gelditu den pertsonaren inguruan solidaritatea sortzen da. Batik bat familiaren solidaritatea. Guk sinesten dugu existentzia galdu omen duen pertsona horrek baduela existentzia, nahiz memoria eta pentsamendua galdu duen.

– 'Horma'-ko protagonistetako bat, Fidel itzultzailea, hasten da nobela idazten emakume marrazkilari baten inguruan, 'Nornai' goitizen artistikoa erabiltzen zuen emakumea, alegia, 1936ko gerran Bartzelonan hila, lehergailu batek harrapatuta. Esana duzu zeuk ere egin zenuela saio bat 'Nornai'-ri buruzko narrazioren bat idazteko, baina bertan behera utzi zenuen.

– Txispazoa gertatu zitzaidan. Hor badugu emakume bat, Ignazia Zabalo, marrazkilaria eta 'Txiki' famatuaren arreba. Anaiak proiekzioa du, berak ez. Egiten du Azken Afariaren marrazkia, gero aldizkari baten azalerako izango zena, lurrean baldosak daude eta, hain zuzen, azken baldosan, txokoan, idazten du sinadura: 'Nornai'. Irudi horretatik sortu zitzaidan narrazioa egiteko gogoa. Hasi nintzen informazio bila eta datu gutxi zeuden. Falta zitzaidan datu inportanteena: zergatik alde egin zuen Bartzelonara. Badago esaten duena mutil anarkista bat ezagutu zuela eta, hemengo giro integristatik ihes egin nahian aldatu zela hara. Baina sentitzen nuen pertsona hura traizionatzen ari nintzela. Dena dela, haren omenaldia dago 'Horma' liburuan.

– Bai, plazara atera da.

– Hori da, biziarazi dut berriz ere. Baina badira uste dutenak nik asmatutako pertsonaia dela.

– Gaixotasuna da ardatz bai 'Argizariaren egunak' hartan, bai 'Zu'-n, bai oraingo 'Horma'-n. Esana duzu gatazkaren batean oinarrituta idazten dituzula nobelak, eta gaixotasuna bada gatazka ere, ezta?

– Osasuna osotasuna da. Eta «osatu!» esaten zaio gaixoari. Medikuek esaten dute ez dagoela osotasun beterik, baina beno... Gaitzak, gainera, gorputzaren alde fisikoari eta psikikoari eragiten dio. Gaitz larria baldin bada konmozionatu egiten du ingurune guztia. Lastima, liburua idatzi eta gero gogoratu nintzen William Douglassen 'Muerte en Murélaga' antropologia liburuarekin. Kontatzen zuen zer gertatzen zen, adibidez, etxeko nagusia hiltzean zein egiten den nagusigo moralaren jabe, zein arduratzen den etxearen iraupenaz... Maiorazkoa bizirik badago, argi dago, baina demagun maiorazkoa dela hil dena, orduan kanpotik etorritako batek hartzen du indarra. Familiako harremanak hitz egiten ez diren kontuak dira, eta gainera arriskutsuak. Delikatuak dira, onerako eta txarrerako. Badira hari ikusezin batzuk, kontuz ibili beharrekoak.

– 'Horma'-ko Fidel itzultzaileak liburu hasiera eta bukaera onak biltzen ditu. Zu zeu ere horrela ibiltzen zara?

– Beno, bildu ez, baina gogoan izaten ditut. Interneten ere badaude horrelako zerrendak. Zer ez dago Interneten?

«Familiako harremanak hitz egiten ez diren kontu delikatuak dira»

«Hasiera on bat? Ford Madox Ford-en hauxe: 'Hau da inoiz irakurri duzun historiarik goibelena'»

– Esan hasiera oso on bat.

–Ford Madox Ford-en 'Historiarik goibelena' liburukoa. Hitzez hitz ez dakit, baina honelatsu hasten da: «Hau da inoiz irakurri duzun historiarik goibelena». Esaten duzu: korajea behar da hitz horiekin hasteko.

– Eskoletan-eta zure zein liburuk izan dute presentzia handiena?

– Narratiboenek. Hasieran, 'Hamaseigarrenean aidanez', eta oraindik ere funtzionatzen du gela batzuetan. Gero, kalkulatzen dut 'Zorion perfektua', 'Ihes betea'...

– Eskoletara joaten al zara hitz egitera?

– Gutxi. Eta nahiago dut urrutiko ikastetxeetara joatea, euskararen egoera ezberdina den leku haietako giroa usaintzeko, besterik gabe.

– Hona Anjel Lertxundiren hitz eta esamolde kuttun batzuk: trepeta, trenpu, denborari denbora, hitz beste egin...

– Eta traganarrua. Lehengoan hemen Zarautz parean halako tifoitxo bat egon zen, eta badakit irratian baten batek zera esan zuela, «bai, horri traganarru esaten zaio, Lertxundiri ikasi nion». Beste esamolde bat: «konpontxo egin»; hori Aia-Orio-Zarautz aldeko esamoldea zen, baina nagusitu egin da. Zera adierazten du: zerbaiten edo norbaiten kontrako aliantza.

– 1980ko hamarkadan oso murgilduta ibili zinen haur- eta gazte-literaturan. Aurrerantzean itzuliko al zara eremu horietara?

– Ez dut sekula abandonatu. Ideia batzuk baditut. Inoiz esan dut: ikastolan lanean ari nintzenean, ez nuen uste sekula gai izango nintzenik haur-literatura egiteko. Baina hasi nintzen idazten, eta etxeko alaben adinera egokituz jardun nuen lanean. Horiek nituen erreferentzia. Baina heldu ziren eta erreferentziarik gabe gelditu nintzen.

– 'Otto Pette'-k hogeita bost urte beteko ditu datorren urtean, eta nahi omen duzu zerbait egin.

– Bai. Edizio berri bat egin nahi dugu. Izan ere, hogeita bost urteotan zehar asko aldatu da gure hizkuntza. Euskara batuak bide handi bat egin du eta ez gara konturatzen.

– Xabier Lete lagun handia izan zenuen. Nola bizi izan duzu plagioaren kontua?

– Deserosotasun handiarekin, barrua iraulita. Baina ni beti naiz alde onei begiratzeko zalea, eta esaten dut: har ditzagun testu horiek itzulpen gisa. Zaila da gainditzen horiek duten maila.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios