Hogeita hamar urte Inazio Mujika Iraolarekin batera
Larunbata, 17 otsaila 2018, 12:20
Badira 30 urte Anjel Lertxundi eta Inazio Mujika Iraolaren arteko hartu-emana hasi zela. Donostiar hau izan du editore denbora honetan guztian. «Ikasle moduan ezagutu nuen Inaxio, ni irakasle eta bera ikasle, Magisteritza Eskolan. Eta berehala Ereinen hasi zen, ni literaturaren arloko arduradun nengoela. 'Azukrea belazeetan' atera zuenean, 1987an, nik kudeatu nion. Ordutik, berak kudeatu ditu nire euskarazko liburu guztiak, batzuetan Alberdania argitaletxean, besteetan Ereinen», esan digu Lertxundik. Mujika Iraola ez omen da zuzenketa lanera mugatu, batzuetan askoz erabakarriagoa izan omen da: «Adibidez, 'Horma'-ko lehen bertsioan zatitxo asko zeuden –127 uste dut– bakoitza bere zenbakiarekin. Zatitxo bakoitzak unitate narratiboa zeukan gainera. Inaxiok esan zidan egitura hori ez ote zen despistagarria, eta hobe izango zela dena bloke batean uztea. Haren esana egin nuen». Jorge Gimenez editore eta itzultzailea izan da Lertxundiren beste aliatu handia. Berak ekarri dizkio gaztelaniara hainbat liburu. «Jorgek jatorrizko testuari topatutako akats edo ahulguneak kontuan hartu izan ditugu gero bigarren edizioa prestatzeko garaian. Hau ere urteetako bidelaguna izan dut», adierazi du oriotarrak.