Luis Baraiazarra filologo eta itzultzailea hil da
Aitzindaria izan zen materialen sorreran eta bertsogintzan ere maisu izan zen
Luis Baraiazarra Txertudi (Meñaka, 1940ko) filologo eta itzultzailea, besteak beste, igande honetan hil zen 84 urte zituela. Ez dira gutxi izan ordutik haren jarduna oroitu, eskertu eta goratu dutenak. Euskaltzain urgazle 1996tik, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza kidea izan zen urte luzez eta ospearen alde mikatza ezagutu zuen 2015ean Espainiako Kultura Ministerioak Itzulpen Onenaren saria eman zionean, baina ordu batzuk geroago kendu zionean. Astearte honetan, urriak 8, egingo diote hileta-elizkizuna, Markina-Xemeingo Karmeldarren elizan, 18:00etan.
Herriko eskolan ikasi ondoren, 11 urterekin Zornotzako karmeldarren seminarioan sartu zen. Filosofiako hiru urteak, Gasteizen egin zituen, eta Teologiako lauak, Begoñan. 1966an apaiztu zen eta abuztu hartatik izan zen bere bizilekua Markina-Xemeingo komentua. Hori bai, ez zen soilik bertan geratu, lan eskerga egin baitzuen euskaratik eta euskararen alde.
Lehenik irakasle modura. 1970eko hamarkada hasieran euskarazko materialen falta aurrean hainbat sortu zuen, 'Euskal Herriko historia' liburuko lehen bi aleak (1977) idatzi zituen ikastoletarako eta formakuntza osatu zuen 1982an Euskal Filologiako lizentziarekin. 1988An irakasle izateari utzi zion, baina ez irakasteari, Adorez hiztegiak argitaratzen zituen Bostak Bat lantaldearekin hiztegigintzan murgildu baitzen. Ibilbide horren lekuko, 1993an Hiztegi Batuko lan taldeko batzordekide izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta euskaltzain urgazle 1996ko martxoaren 29an. 1997-2007 bitartean, Gramatika batzordeko kidea izan zen, eta ohorezko euskaltzain egin zuten 2010eko urtarrilaren 29an.
Gaztetatik izan zuen bertsotarako grina eta urte luzez euskal kantak eta bertsolaritza landu zituen umeekin. Bertsozale Elkarteak nabarmendu bezala «ekarpen handia» egin zuen Bizkaiko zuzendaritzako kide bezala 1991tik 2000ra eta lehen hiru urte horietan Euskal Herriko Bertsozale Elkartean ere. Eskualdeko, eskolarteko eta Txapelketa Nagusiko epaile izandakoa da. Omenaldi modura, 2010ean Arkaitz Estiballes garaileari txapela jarri zion.
Itzultzaile lan garrantzitsuak ere egin zituen, besteak beste, 'Elizaren Historia Euskal Herrian' (1995), 'Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoko testuak', eta Teresa Lisieuxekoaren, San Joan Gurutzekoaren eta Santa Teresa Ávilakoaren idazlan guztiak. Azken honengatik Espainiako Kultura Ministerioak 2015eko Itzulpen Onenaren saria, baina ordu batzuk geroago kendu zion, ez zuelako betetzen sariketaren baldintzetako bat: atzerriko hizkuntza batetik itzulitako lanak sartzen ziren sariketan eta Santa Teresaren testu originalak, berriz, gaztelaniaz ziren.
Sortzaile lanak ere baditu ugari. Batetik, aldizkari ugaritako kolaboratzaile izan zen -Olerti, Bertsolari, Garaian, Jakin, Zeruko Argia, Kili-Kili...-, baina batik bat Karmel aldizkarian idazle eta zuzentzaile bezala. Biografien arloa jorratu zuen maisuki, bereziki euskaltzale aipagarrienak: Santiago Onaindia, Augustin Zubikarai edo Lino Akesolo.