Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Zilarrezko Euskadi Sari

'Zoriona, edo antzeko zerbait', 'Gerra Gazan' eta 'El ataque de las cabras', garaile

Zilarrezko Euskadi Sariak jakinarazteaz gain Gipuzkoako liburu-denden elkarteak irakurketa sustatzeko kanpaina jarri du abian

Jon Agirre

Donostia

Asteazkena, 8 urria 2025, 14:14

Comenta

Karmele Mitxelena 'Zoriona, edo antzeko zerbait' (Elkar) eleberriarekin Euskarazko Narratiban, Julen Gabiria Joe Saccoren 'Gerra Gazan' (Astiberri) komikiaren itzulpenarekin Komiki eta Album Ilustratuen kategorian eta Laura Chivite 'El ataque de las cabras' (Random House) lanagatik nabarmendu dituzte 2025eko Zilarrezko Euskadi Literatura Sarietan.

Gipuzkoako Liburu-denden Elkarteak antolatua, argitalpen kopuru handiaren barruan bigarren maila batean geratu diren lanak nabarmentzeko « bigarren aukera» bat dira, zehaztu dutenez. « Sari hauen bidez, kalitate literarioa aitortzeaz gain, arreta handiagoa merezi duten tituluen zirkulazioa bultzatu nahi dugu», dio oharrak.

Mitxelena idazkera «lasai eta hurbilarengatik» saritua izan da. «Prosa eraginkor eta zuzena erabiliz, heriotzaren eta suizidioaren tabuari aurre egiten dioten bizitzen inguruko eleberria landu du. Bidaia fisiko eta psikologiko baten kontakizuna da, zoriontasuna helburu ala bide gisa ulertzeko galdera; heriotzaz eta erruaz, familiaren eta maitasun- eta adiskidetasun-harremanen hausnarketa gisa. Bizitzearen eta sentitzearen kontraesanen iluntasun gordinaz eta argitasunaz dihardu».

Oiartzuarrak Augustin Zubikarai beka eskuratu zuen liburu proposamenarekin eta Kritikaren Saria ere jaso zuen. Horretaz gain, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso berri du 'Aitona Floren' albumagatik.

'Gerra Gazan' komikiaz gain autorea nabarmendu nahi izan dute «arte grafikoarekiko eta konpromiso sozial zein politikoarekiko maitasunez egindako ibilbide oso bat» egin duela iritzita. «Bederatzigarren artearen kalitatea eta balioa gorenera eramaten ditu, ez soilik ikuspegi artistiko edo grafikotik, baizik baita balio narratibo, dokumental eta garaiko konpromisotik ere», dio ebazpenak. Aitorpen hau Bilboko Astiberri argitaletxeari ere zabaldu diote. Era berean, Gabiriak itzultzaile bezala egindako lana goratu dute. «komikiaren balio artistikoa, soziala eta kulturala erakusteko erronka onartu» duelako. Honetaz gain Arti Epiegelmanen 'Maus', Saccoren 'Palestina' itzuli zuen, baita Ander Izagirreren 'Amona eta beste hamar', 'Beruna patrikan', 'Elkanoren herriari bueltaka' eta 'Txapeldunorde' euskaratu ditu

Gaztelaniazko Narratibaren kategorian, Gipuzkoako liburu-dendek Laura Chivite saritu dute «bere lehen eleberri honen kalitate literarioagatik, zeinak auto-fikziozko joko faltsu bat aurkezten digun lehen pertsonan. Prestakuntza eta heldutasun, hazkunde edo ikaskuntza eleberri bat da familia-harremanetan, maitasun eta adiskidetasunean, lehen amets eta promesetan, desengainu eta hauskortasunean oinarritua, guztia tragediaren eta umorearen arteko oreka bitxia lortuz, fantasiarekin nahasten den ironia finarekin, errealitatea hobeto azaltzeko bitarteko gisa».

Irakurketa bultzatzeko kanpaina

Sariak emateaz gain, Gipuzkoako liburu-dendek irakurketa bultzatzeko eta aintzatespena merezi duten lanak ikusarazteko kanpaina aurkeztu dute. Andoain, Arrasate, Azkoitia, Beasain, Bergara, Donostia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Tolosa eta Zarauzko 31 liburu-dendek bat egin dute ekimenarekin eta urriaren 26ra bitarte, haietan erosketa bat egiten duen 18 urtetik gorako edonork aukera izango du lehiaketa batean parte hartzeko.

Erosketa bakoitzagatik, orri-markatzaile bat jasoko dute kode batekin. Honen bitartez kategoria bakoitzeko obra irabazleekin loturiko joko erraz batean parte hartu ahal izango dute www.gipuzkoaliburudendak.com webgunean. Eta 50 euroko 6 bono irabazteko aukera izan. Izenak urriaren 28an ezagutaraziko dira.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Zoriona, edo antzeko zerbait', 'Gerra Gazan' eta 'El ataque de las cabras', garaile

'Zoriona, edo antzeko zerbait', 'Gerra Gazan' eta 'El ataque de las cabras', garaile