Borrar
Karmele Mitxelena Oiartzungo kaleetan, liburua eskuan duela. F. de la Hera
Karmele Mitxelena: «Hitz egiten ez diren tabuez hitz egitea garrantzitsua da, ahal dela ez ahots bakarretik»
'Zoriona, edo antzeko zerbait' | Kritika Saria

Karmele Mitxelena: «Hitz egiten ez diren tabuez hitz egitea garrantzitsua da, ahal dela ez ahots bakarretik»

Gerora 'Zoriona, edo antzeko zerbait' eleberria izan den proiektuarekin Augustin Zubikarai beka eskuratu zuen eta orain Kritikaren Saria jaso du

Jon Agirre

Donostia

Domingo, 4 de mayo 2025, 00:13

Molde laburrean aurkeztu ohi ditu emaitza literarioak Karmele Mitxelenak (Oiartzun, 1988), bai helduentzako ipuin-bilduma zein eleberri, edota haurrentzako testuetan. Aldiz, arnasa luzeko lanketa dute. Ideia lantzea gustatzen zaio idazten jarri aurretik eta, gehienetan, badaki nondik nora joko duen istorioak. Hala izan zen berriki Kritikaren Saria eskuratu duen 'Zoriona, edo antzeko zerbait' (Elkar) eleberriarekin, nahiz eta egileak berak esan bezala ipuinetik ere baduen: egituran, estiloan edota atalek duten amaieretan. Senarrak bere buruaz beste egin duen Maria du protagonista liburuak, tabuak landu eta mahaigainean jartzearen aldekoa baita oiartzuarra. Ez da heriotza literaturara eramaten duen lehen aldia.

– 'Zoriona, edo antzeko zerbait' (Elkar) eleberriaren aurkezpenean azaldu zenuen istorioa «denbora luzean» izan zenuela buruan, «etengabe bueltaka» eta idaztea bera borroka izan zela. Liburuak izandako harrera honen ostean, azken aitortza honek konpentsatzen du? Zein gorputzaldi utzi dizu?

– Istorioa denbora luzean eduki nuen buruan, baina batez ere gaia bera. Bere buruaz beste egiten duen pertsonaren ondoko figurak senti zezakeena. Landu nahi nuen ikuspegia edo begirada zen. Buruan bueltaka nuen hori, bidaiatxo bat egin nuen eta beste istorio bat etorri zitzaidan eta biak uztartzea erabaki nuen: bere buruaz beste egiten duen ondokoarena eta aspaldiko maitasunaren istorioa.

– Gaia bera –senarrak bere buruaz beste egin duen Maria du protagonista– oso sentsiblea da, aipatzeak maiz erreakzioa pizten du eta badu oraindik tabutik. Hori hausteko haututik ere badu liburuak?

– Bai, bai. Gaiari buruz idazteko nire gogoa hein batean ere bazetorren hortik. Ez da inoiz hitz egiten, suizidioaz gutxi eta horrek eragiten duenaren inguruan are gutxiago. Heriotza berezi horrek, badelako hiltzeko modu berezia, dakarren guztiagatik: arrazoiak, psikologikoki suposatzen duena, horri aurre egitea... Horri ahotsa jartzea eta horretaz hitz egitea egin nahi nuen ariketa bat zen. Egin ditudan tertulia batzuetan antzeko egoerak bizi izan dituen jendearekin topo egin dut eta eskertu dute ahots hori. Norberaren errua, bere buruaz beste egin duenari errua bota edo halako sentimenduak kontatzea. Normala da horrelakoak sentitzea, ez zara pertsona arraro edo gaiztoa.

– Lehen orrietan 'klik' eta 'klak' hitzen jolasarekin gaiaren bueltan dauden topiko asko mahai gainean jartzen dituzu, gerora oso modu naturalean tratatzeko. Idazteko ariketa ausarta da.

– Nola kontatzearena asko zaindu beharreko zerbait da. Nik berez buelta asko ematen dizkiot idazten dudan horri eta horrelako gai delikatuak direnean are buelta gehiago. Ez duzu inor mindu nahi. Protagonistak esperotako zerbait da [senarrak bere buruaz beste egitea] eta kasu askotan izaten da ere bizitza errealean. Batzuetan ez dugu ikusi nahi, baina izaten da esperotako zerbait. Testigantzak entzun izan ditut eta horretaz gain asko liberatuta sentitu dira, nolabait 'honaino izan behar zuen eta kito'. Hil nahi horrek ekarri duen sufrimenduaren ondorio. Kontatzeko moduaren arabera zaila izan daiteke irakurlearentzat.

– Protagonista emakumea izatea ere tabu hori hausteko beste erabaki bat izan da? Maiz bigarren lerroan geratzen direlako eta Mariak zalantza, erru eta damuak onartu eta aurrera egiten du.

– Ez bereziki. Normalean pertsonaiak nahiko zehaztuak etortzen zaizkit. Hasieratik Maria nire burura etorri zen, hautua egiterakoan pentsatu ere ez nuen egin. Izen eta guzti etorri zitzaidan, ezaugarri horiekin: itxuran emakume indartsu bat edo, baina bere ahulezia eta gora behera guztiekin. Naturalki etorri zitzaidan.

– Nola izan zen bi istorioak uztartzeko prozesua? Hasieratik izan zenuen argi?

– Nahiko hasieratik. Idazten jartzen naizenerako istorio ia guztia nahiko egituratuta izaten dut, nahiko zehaztuta. Egia da gero idazten jartzerakoan bide edo gauza berriak azaltzen direla eta hasieran pentsatutako batzuk ez dituzula hartzen idazketak daraman estilo edo moldeagatik. Baina idazten jarri nintzenerako protagonista nagusiak, Maria, haren ama, alaba.. Belaunaldi ezberdinen arteko jolas hori buruan nituela, familia arteko harreman horiek kontatu nahi nituen.

– Ez da heriotzaren gaia lantzen duzun lehen aldia, aurrez 'Haragizko mamuak' bildumako azken ipuinean, 'Bizitza-segundoak' eta haurrentzako egindako 'Aitona Floren' (Elkar) lanean ere aztertu duzu. Gutxi idazten delako hartu duzu?

– Naturalki etorritako zerbait da. Egia da 'Haragizko mamuak'-en istorio pertsonala kontatzen dudala eta horretan sentitu nuela modu honetan ez dela heriotzaz asko idazten. Krudelak izan daitezkeen zenbait konturekin bezala, burutik pasatzen zaizkigunak baina esatera ausartzen ez garenak ez dakigulako gizartean ondo hartuak izango diren. Ipuin-bilduman sartzea bai izan zen nire doluaren parte, aitari zor niola, eta barruan nuena askatzeko modu bat izan zen. 'Aitona Floren' ere hautu pertsonala izan zen haurren literaturan orokorrean ez delako asko hitz egiten eta zerbait eramangarria egin nezakeela pentsatu nuen, sekulako drama izan gabe heriotza ikusteko beste modu bat. Gertatu egiten delako, eguneroko zerbait da eta ez dugu gehiegi hitz egiten beldurtzen gaituelako edo ez dakigulako zer esan. Hitz egiten ez diren tabuez hitz egitea garrantzitsua da eta ahal dela ez ahots bakarretik. Izan daiteke irakurlearentzat tresna bat ere ahots horiek irakurtzea.

– Ipuinetan zein eleberrian narratiboki lehen pertsonaren aldeko apustuak idazle bezala badu pisu bat eta irakurlea ere gehiago kokatzen du. Bietako zein bilatu duzu?

– Nik behar izaten dut istorioa nire buruari kontatzea idazten ari naizenean. Askoz errazago sartzen naiz pertsonaiaren barruan. Ordenagailuaren aurrean idazteko giroan sartu behar naiz, kasu honetan Mariaren papera hartzea. Lehen pertsonak asko laguntzen dit. Eta irakurle bezala gustatzen zait ere.

– Eleberria zein atalak laburrak dira, batzuk autokonklusiboak ere. Ia ipuin bezala funtziona lezakete. Molde horretan gusturago?

– Bai, denek badute zerbait (barreak). Ipuinak idazteko eta irakurtzeko gustatzen zaizkit oso intentsoak direlako. Kapitulua itxiko duen azken buelta, ezaugarri berezi edo ideia berria izatea gustatzen zait, irakurlea harrapatuko duena. Gainera atalak bata bestearengandik oso ezberdinak egitea gustatzen zait, dela espazioa edo kontatzeko modua aldatzen. Esate baterako une batean audio bat sartzen dut. Irakurle bezala gustatzen zaizkit eta iruditzen zait engantxatzen duela edo eleberria beste modu batera eramaten duela.

– (...).

– Badut joera ipuinetarako eta eleberrian ikusten da ere. Batek baino gehiago esan izan dit irakurtzen hasi eta ipuin-bilduma zela eta jarraitzean konturatu dela eleberria zela. Hein batean laburra da lehiaketa horrela zelako. Augustin Zubikarai beka eleberri laburrentzat da eta ez da mugatu nauela, hasiera batean libre idatzi nuelako, baina aukeratu behar izan dut zer kontatu eta zer ez. Amu ezberdinak, haize freskoa dela iruditzen zait. Oso monotonoak diren eleberrien aurrean gustatzen zait horrelako kontuak sartzea.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Karmele Mitxelena: «Hitz egiten ez diren tabuez hitz egitea garrantzitsua da, ahal dela ez ahots bakarretik»