Teknologiarekiko menpekotasuna eta deskarbonizazioaz hausnartzeko zientzia fikzioa
Zilarrak, agintariak, eta karbonikoak, menpekoak, talkan jarri ditu Aitziber Etxeberriak 'Reset' (Erein) eleberrian
Arduratzen duten bi gai, «teknologiaren gehiegizko erabilerak sortzen duen kezka eta deskarbonizazioa», oinarri hartuta ondu du Aitziber Etxeberria Garrok (Zarautz, 1973) 'Reset' (Erein) zientzia fikziozko eleberria. Umetan etxean oso irakurzaleak zirela azaldu du -haren anaiak dira Martin eta Xabier idazleak- eta generoko liburuak oso gustukoak zituztela, bereziki hektalogia bat. «Segituan irakurtzen genuen eta urtebete itxaron behar genuen». Hala ere, liburu idazterakoan ez zuen lehen unetik zientzia fikzio modura bezala planteatu. «Nola enfokatu izan zen lehen buruhaustea, gai konplikatuak direlako, oso momentukoak, gertukoak. Ez daukagu perspektiba handirik». Hain zuzen horixe lortze aldera egin zuen generoaren alde, existitzen ez den gizarte berri bar sortuz «idazterakoan askatasuna» izate aldera.
Mundu berri hori ez dago herrialdetan antolatuta, eremuka baizik. Egutegia ere ezberdina da. Noski, gizarte antolakuntza ere bestelakoa. Alegiaroaren 46. urtean aurkituko da irakurlea, Klaustro Zuriak gidatzen duen M eremuan. Gizarte «teknologiko eta aurreratuan, ustezko zuzentasunaren distira iluntzen duten itzal uneak han-hemenka» hedatzen ari diren unean. Pertsonaia nagusiaz gutxi jakingo du hasieran, beste hiru presorekin batera espetxetik basamortuan kokatua den lan eremu espezializatu batera eramango dutela. «Ez dakigu zer egin duen ezta zergatik eraman duten», azaldu du Uxue Razquin Ereingo editoreak.
Hori bai, dena ez da urre. Esaterako, gizartea klasetan edo estratu sozialetan banatua dagoelako. Batetik, zilarrak, maila erosoan bizi eta pribilegioak, lan onenak dituztenak. Noski, hemen dira agintariak. Bestetik, karbonikoak, lan sinpleenak, okerrenak egiten dituztenak. Menpeko dira gainera, eskubide askoz gutxiago dituztenak. «Gizarte distopiko eta teknologikoki aurreratua aurkeztuko digu, baina izango dira arazoak, agintariek pentsatzen dutelako gizarte hobeago bat lortu dutela, baina badira hutsune batzuk sistema horretan eta jendea konturatuko da». Ildo horretan, disidentzia aire bat nabaritzen joango da irakurlea, baita sistemaren aurkako zenbait ekintza puntual. Erantzuna ere bada: «sistemak ez du akatsik onartuko», aurreratu du idazleak.
'Reset'

-
Egilea: Aitziber Etxeberria.
-
Argitaletxea: Erein.
-
Orrialdeak: 272.
-
Prezioa: 23 euro.
Istorioa «sinesgarri» izatea eta «irakurleak egiturak eta teknologia bere egitea» izan ditu ardura Etxeberriak. «Lortu dudan irakurleak esango du», esan du barre artean. Baietz iritzi du Razquinek eta idazleak baliatu dituen bi planoak goraipatu ditu, pertsonaia nagusiak lehen pertsonan kontatua batetik; agintarien ikuspegia eta iraultzaren kontra zer egiten duten xehatzen duena bestetik, hau hirugarren pertsonan eta narratzaile orojakilearekin. Etxeberriak azaldu duenez «istorioa arrotza» zela iritzita egin zuen hautua. «Irakurlea goxatu edo gerturatze nahian norbaitekin identifikatuta errazago sartuko zela iruditu zitzaidan». Hori osatzeko beharra ere nabaritu zuen, beste planoa azaltzearena, eta horregatik da hirugarren pertsonan agintariena.
Ostegun honetan aurkeztutakoa ez da Etxeberriaren lehen literatur lana -aurretik ditu 'Tango Urdina' (2003), '31 Baioneta' (2007), 'Lapurrak dabiltza azokan' (2010) eta 'Nomada' (2016), intriga eleberria -, baina bai zientzia fikzioaren generoan koka daitekeen lehena du eta idaztea «erronka pertsonal handia» izan dela azaldu du. Hori bai, «mundua nola doan eta dauden sarraskiak ikusita» azken emaitzak zientzia fikziotik «gutxi» duela bota du umorez. «Huskeria iruditzen zait honi zientzia fikzio idaztea».
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.