Borrar

Unai Elorriaga

'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' | Euskarako Literatura Saria
«Sari honekin euskal kulturaren taldean debutatu dudala sentitzen dut»

XIX. mendeko familiar baten istorioari tiraka osatu zuen, literatura gehituz eta molde aldetik ipuin-bilduma eta eleberri artean kokatuz. Emaitzarekin asmatu du eta pozik da

Jon Agirre

Bilbo

Asteartea, 7 urria 2025, 00:07

Comenta

Idoloak oso presente izan ditu Unai Elorriagak (Algorta, 1973) Euskadi Saria eskertzean, baina are gehiago familiako kideak. Francesco «dena posible» egiteagatik, Josu familiakidea lehen pausoengatik eta ama istorioaren berri emanagatik. XIX. mendera eraman du irakurlea eleberri eta ipuin-bilduma arteko lanean, baina egun ere oso presente den gaia ardatz izanik: migrazioa. Hausnarketa sakonak utzi ditu agerraldian

– Francesco Pasquale familiarraren istorioa «kasualitatez» heldu zitzaizula aipatu duzu hainbatetan. Etxean denok bat izan dezakegula aldarrikatzeko modu bat da, familian begira dezagula?

– Dudarik gabe eta Gerra Zibila izan zenez geroztik imajinatu. Etxe guztietan dago aitona-amona edo baten bat egon dena klandestinitatean. Eta lehenago ere, hor dira Karlistaldiak, I. Mundu Gerra... Hori dena azken ehun eta piko urtetan gertatu da, denok daukagu zerbait. Lagun batek kontatzen duenean ere esaten diet, 'ez baduzu zuk idazten lapurtu eta neuk idatziko dut'.

– Ostean, noski, gaitasun literarioa behar eleberria lantzeko. Hutsuneak «imajinazioarekin» bete zenituen eta azaldu izan duzu «traizio» egiteko beldurra. Nola hartu dute etxean? Zein gorputzaldi utzi dizu?

– Familiatik eta irakurri izan dutenek nahiko ondo hartu dute. Batzuk flipatuta ere, literatura asko sartuta dagoelako. Narratzaile, ikuspuntu, tonu eta estilo ezberdinak ditu, gauza asko dago. Baina gustura, batzuei pasarte konkreturen bat gustukoago eta besteek agian nahiago hasiera, baina ondo.

– Irakurleek ere ondo hartu dute, 111 Akademiaren Sarirako nominatua izan zen, orain Euskadi Saria. Ez da ohikoa, emaitza ia biribila.

– Liburua amaitu nuenean sentsazioa lehenaren antzekoa, hainbeste arrakasta lortu zuen 'SPrako tranbia'-rekin izan nuen berdina izan zen. Ez daukate zerikusirik, noski. Lehena idatzi nuenean ez nekien publikatu zen ere, zein harrera izango zuen. Orain 27 urte joan dira eta badut esperientzia. Beste liburuekin ez bezala sentitzen nuen harrera izan zezakeela eta sumatzen ari naiz baietz. Alde horretatik pozik, batez ere irakurleen aldetik. Ezin nahiz kexatu. Kritika asko ez da agertu, egon direnak onak, eta gainera saria.

– Gaia berezia da eta moldea ere. Eleberri bezala aurkeztu da, baina ipuin-bilduma kutsu ere badu. 20 kontakizunek osatzen dute, anitzak gainera. Liburu arraroagoa izanik bidesari bat izan zitekeen, baina funtzionatu du.

– Bai, arriskua hartzen duzunean ez dakizu nondik aterako zaren edo nondik harrapatuko zaituzten. Nik oso argi eduki nuen Francesco sasoi bakoitzeko ipuin bat egingo nuela, ipuin guztiek hari modukoa izango zutela eta, aldi berean, narrazio bakoitzean gauza guztiak aldatuko nituela. Narratzailea, baina protagonista bera ere, beti ez delako Francesco, batzuetan bigarren edo hirugarren mailako da, edo figurante. Horrek ekar dezake erabateko nahas-masa, irakurlea galtzea. Pozik nago ematen duelako lortu dudala modu konpaktuan aurkezten, irakurlea ez galarazten, istorioan sarrarazten. Eskarmentuak ematen du ere.

– Hitzartzean aldarrikatu duzu denok izan ginela, garela edo izan gaitezkeela migrante. Kuriosoa da herri migrantea izanik gurea, besteen kontu bezala ikusten dela egun.

– Hori da. Ikusi hemen nola migrazioa egon den! Alde batetik ekonomikoa XIX. mendean, baina gero politikoa Gerra Zibilean ere, beti egon gara migratzen. Eta hona ere etorri da jende mordoa. Orain Europa osoan, mundu osoan ziurrenik, fenomeno faxista hau ari da ematen non ematen duen arazoa migrantea dela. Arazoak beste batzuk dira. Denok izan gaitezke migrariak, nork ez dizu esaten bost urte barru hemen gerra bat ez dela sortuko eta Argentinara joan beharko dugunik. Pertsonak diren heinean ondo hartu behar ditugu, kariñoa eman, ahal dugun neurrian etxean baleude bezala. Gu goazenean, edo nire alaba, hala espero dugu izatea.

– Hori da agian ironikoa. Ikuspegi hegemonikotik.

– Eta gero ez ditugu hartzen nahiko genituzkeen moduan. Hor interesak dira, baina ez gara luzatuko...

– Hainbat liburu argitaratu, sariak lortu eta irakurleak ezagutzen duen idazle batek esatea «euskal kulturaren taldean debutatu dudala sentitzen dut» ez da ohikoena.

– Hala sentitzen dut. Oraindik ere Mikel Laboa, Ruper Ordorika edo bestelakoak -Bernardo Atxaga, Andu Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Ramon Saizarbitoria ere aipatu zituen- entzuten ditudanean... Nahiko nuke hor egon, mundu horren parte izan. Batzuetan idazten eta publikatzen duzu eta ez dakizu norainoko harrera duen, jendeari zerbait pizten dion. Horrelako sariek esaten dizute 'ba bai, talde horretan zaude'. Agian parte txiki bezala. Suplente izango naiz, edo defentsa eta haiek golak sartzen dituztenak. Askotan kontatu dut, 14-15 urte genituenean nik etengabe irakurtzen nituen Atxaga, Sarrionandia, Joxe Austin Arrietaren biografiak. Ez ziren sartzen azterketan, baina non jaio ziren, zer ikasi zuten... Buruz nekizkien. Futbolean kromoekin egiten zen bezala, idoloak ziren.

– Lehen ere bazinen.

– Beno... Hasieran, Sari Nazionala eman zidatenean gauza pasajeroa zela pentsatzen nuen. Egiten duzu gora eta behera eta liburuak ez badu funtzionatzen ahazten zaituzte. Honekin beste gorakada bat da, agian inpresio tontoa da.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Sari honekin euskal kulturaren taldean debutatu dudala sentitzen dut»

«Sari honekin euskal kulturaren taldean debutatu dudala sentitzen dut»