Safo bere osotasunean, haren poema guztiei esker
Balea Zuria argitaletxeak plazaratu du Maite López Las Herasek, irakurgarritasuna lehenetsita, burutu duen itzulpen «libre samarra»
Beste altxor bat aurkitu du Balea Zuria argitaletxeak, eta Patxi Apalategik itzulita baina argitaratu gabe zeukan Charles Baudelaireren 'Gaitzaren loreak'-ekin egin bezala, irakurleekin partekatu du. Ekarpen berria Saforen poesia guztia da, Maite López Las Herasek euskaratua. Oraingoz, bi lanok osatzen dute Balea Zuriaren katalogoko itzulpen saila.
Aurkezpenean argitaletxea ordezkatu duen Aritz Gorrotxategiren hitzetan, ezustean heldu zitzaien proiektua, «mirari bat bezala», eta zioten muzin egin antzinate klasikoko emakume poeta gorenaren lan guztia estreinakoz euskaraz argitaratzeko aukerari. Eta, aldi berean, historian zehar gutxietsia, mespretxatua eta bere ekarpen zabalaren atal bakar batzuetara mugatua izan den emakumearen ikuspegi zuzenagoa eskaintzekoari.
Maite López Las Heras azkoitiarra bere kabuz hasi zen Saforen poemak itzultzen Filologia Klasikoa ikasten zuen bitartean. «Bost urte pasa genituen grekotik eta latinetik itzultzen. Gizonezkoen lanak beti. Emakumeak tragedietako protagonistak zirenean agertzen ziren bakarrik», gogoratu du.
Beste emakume azkoitiar batekin akordatuta -XIX. mendearen hastapenetan Esoporen alegiak latinetik euskarara ekarri zituen Bizenta Mogelekin alegia-, Kristo aurreko VII. mendean Greziako Lesbos uhartean jaiotako Saforen poemekin antzeko lana egitea erabaki zuen. Eolikar dialektotik ekarri ditu zuzenean euskarara «poesia lirikoaren aitzindaria» eta, oro har, berritzaile handia izan zen emakumearen poemak, batez ere, poema zatiak, bakar bat iritsi baita oso-osorik gaurdaino.
Zati txiki-txiki bat
Zatika eta modu fragmentarioan ere gutxi heldu zaizkigu. Saforen produkzio joritik –bederatzi liburu edo 'kanta'-tan banatutako 9.000-10.000 bertso– «200 bat dauzkagu, eta herena itzuli ezina da». Liburuan 124 pasarte daude. Esaldi solteak dira hainbat, nahiz eta horietako zenbaitek –«amarekin doan ume batek bezala egiten dut nik hegan»– ez duten ezer gehiagorik behar.
Saforen hitz lotu eta solteek bidaia oso luzea egin dute, bai denboran, baita hizkuntzen artean ere. Hala ere, itzulpena ez da batere arrotza edo naturaltasunik gabea suertatzen itzultzaileak hobetsi duen estrategiari esker: «Metrika sakrifikatu dut, ez dut errespetatu, indarra eman nahi izan diodalako hizkuntzari. Safok kantatzeko sortu zuen poesia, baina euskarara ekartzeko orduan irakurtzeko poesia eskaini nahi izan dut. Alde horretatik, itzulpena libre samarra izan da, baina beti originala oinarri hartuta». Lan zaila izan dela ere onartu du itzultzaileak, zeinak irakurleri bidea erraztu dion poemei berez ez zeuzkaten izenburu argigarriak jarrita.
Oso-oso argigarria da halaber Maite López Las Heras berak egindako hitzaurrea. Liburua ixten duen 'Saforekin hizketan' Aurora Luque poeta eta itzultzailearen testua ere bat. Poemak inguratzen dituzten bi lan horiek Saforen inguruko ikuspegi mugatuak gainditzen laguntzen dute, zeren eta «maitasun homoerotikoa aldarrikatzen eta kantatzen duenik ezin da ukatu, baina hori ez da dena». Izan ere, askoz ere arlo gehiagotan izan zen aitzindaria «maitasunaren, edertasunaren eta, batez ere, askatasunaren poeta», Platonek hamargarren musatzat jo zuena, eta askatasuna, batez ere emakumeena, mehatxutzat hartu izan duten zenbaitek azken hogeita zazpi mendeeoan zokoratu eta erdeinatu nahi izan dutena.